Berdura plazako beheko solairua egokitzeko lanen lehiaketa publikoa ireki du Udalak

Uztarria.eus 2016ko api. 21a, 20:45
Berdura plazaren kanpokaldea ari da itxura hartzen. Orain, barruari tokatuko zaio.

Lanek gehienez 1,2 milioiko aurrekontua izango dute. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 16an bukatuko da. Obrek sei hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute eta, beraz, urte bukaerarako azoka plaza sute eta irisgarritasun arauetara egokituta egongo da.

Berdura plazako lanak fase berrian sartuko dira aurki. Udalak jakinarazi du aste honetan jarri duela abian beheko solairuaren itxiturak aldatu eta suteei eta irisgarritasunari dagokien araudira egokitzeko lanak esleitzeko lehiaketa publikoa. 1,2 milioiko aurrekontua izango dute, gehienez, lanek.

Abian den lehiaketara proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 16an bukatuko da. Aitor Bereziartua zinegotziaren arabera, "ekainaren hasieran behe solairua egokitzeko lanak hasita egotea nahi eta aurreikusten dugu". Obrak sei hilabetez luzatzea aurreikusita dutenez, urte honen amaierarako azoka plaza sute eta irisgarritasun arauetara egokituta egotea espero dute. "Plaza urte bukaerarako berriro abian izango dugu, baina ziurrenkik oraindik ere faltako da azpiegitura osatzeko ekipamenduren bat edo”, adierazi du Bereziartuak.

Baserritarrekin hitz egiten

Asteartetako azokari zuzenean eragingo diote, ezinbestean, Berdura plazako beheko solairuko lanek. Udalak aurreratu duenez, baserritarrekin hitz egiten eta adosten ari dira plazako lanek irauten duten bitartean nola egin. "Hitz egiten ari gara, eta obrak esleitzean lanak egingo dituenarekin ere hitz egin beharko dugu, denontzat egokiena den modua bilatzeko", esan du Bereziartuak.