Kimu Bat, 25 urte loretzen

Uztarria.eus 2016ko api. 21a, 14:49

25 urte bete ditu aurten Kimu Bat lorezaintza-zentroak. Ingurumenaren aldeko hainbat proiektu eta lorezaintza-zentro berria aurkeztu ditu. 

25 urte dira Kimu Bat loretzaintza-zentroak ateak ireki zituenetik, eta horren harira agerraldia egin dute gaur, osteguna, goizean. Bertan izan dira, besteak beste, Kimu Bateko langile eta bazkideak eta udal ordezkariak.

Eneko Etxeberria alkateak "egindako lanagatik" zoriondu ditu Kimu Bateko langileak eta esan du "garai hauetan horrelako proiektuak oso garrantzitsuak" direla. Horrez gain, azpimarratu du "harro" egoteko moduko lana dela Kimu Batek egindakoa. "Harro egoteko hiru arrazoi nagusi" aipatu ditu Etxeberriak: langileen parte-hartzea, egiten dituzten aktibitateak eta erreferente izatea.

Kooperatiba da egun Kimu Bat eta horren ildotik azpimarratu du langileen parte-hartzea Eneko Etxeberriak: "Jabetza pribatu eta publikoaren artean espazio bat dagoenaren adibidea da hau, non langileen parte-hartzea ezinbestekoa den". Kimu Bateko langileen akititateari dagokionean, euren lan orduez kanpo "ingurumen baloreak zabaltzeko" egindako lana goraipatu du Azpeitiko alkateak, Zuhaitz Egunean egindako lana adibide gisa jarrita. 

Eraldaketa prozesua

Gaurko agerraldia "eraldaketa prozesua ospatzeko" izan dela adierazi du Mitxel Igarataundi Kimu Bateko kideak. "Espirituz beti kooperatiba" izan direla azaldu du Igarataundik eta orain "berriro oinarrira itzuli" direla. Lan ibilbidearekin hasi zirenean halako garapenik espero ez zutela adierazi du Igarataundik: "Hasi ginenean ez genuen halako garapenik espero, garai ezberdinak ziren eta lorezaintza ez zegoen baloratuta". Krisia tarteko, "momentu zailak" izan zituztela ere esan du Kimu Bateko kideak, baina garai ez hain onetan elkar lagundu eta "ekipo osoak batera eutsita" aurre egitea lortu zutela esan du. 

25 urteko ibilbidean gauza andana egin badituzte ere, ez dute geldirik egoteko asmorik. Horregatik, aurrera begirako proiektuak ere baditu Kimu Bateko lantaldeak ,"gizarte iraunkorragoa lortzeko zerbitzuak". 

Ingurumen-hezkuntzaren aldeko apustua

Ingurumen gaien inguruko prestakuntza indartu nahi dutela azaldu dute Kimu Batekoek. Horretarako, beraien instalazioetatik bisita gidatuak antolatuko dituzte eta ikastaroak eskainiko dituzte. Bestalde, bioaniztasunaren, fitoarazketaren, bioeraikuntzaren edota nekazaritza ekologikoaren inguruko tailerrak antolatzea aurreikusten dutela jakinarazi dute. 

Urteak dira Kimu Batekoak baratze didaktikoak eta "lorategi jangarriak" eratzen hasi zirenetik. Orain, "horrelako proiektuei bultzada" emateko asmoa dutela esan dute, "ikastetxe eta udalerrietan ortuaren oinarrizko ezagutzak hedatu asmoz". 

"Ingurumena babesteko proiektuak"

Ingurumenarekiko "ardura" beti izan dutela azaldu dute Kimu Bateko kideek eta adibide gisa jarri dute fitoarazketarako sortu duten putzua, "hezegune naturalen eredua jarraituz enpresak sortzen dituen hondakin-urak garbitzeko balio duena". Arazketa sistema horren "funtzionamendu egokia" ikusita, beste gune batzuetan ezartzeko aukerak aztertzeko asmoa dutela azaldu dute Kimu Bateko kideek.

Bestalde, etxetxo bat jarri dute Kimu Bateko putzuaren ondoan, intsektuen hotela. Azaldu dutenez, horren xedea da bertako fauna txikiari babesa ematea eta tokiko animalien bioaniztasunari "mesede egitea". 

Gardenfest, apirilaren 30ean

Lorezaintza zentro berria herritarrei aurkezteko Gardenfest jaialdia egingo dute apirilaren 30ean, zapatua, Kimu Baten bertan. Bertan, barbakoa, zozketak, haurrentzako tailerrak eta txokolatada egingo dituzte eta dendako produktuek %25eko deskontua izango dute. 11:00etatik 13:00etara barbakoa eta zozketak egingo dituzte eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara, gainerako ekintzak.