'50+' aldizkaria aurkeztuko du Ikasberri ikastolak

Uztarria.eus 2016ko api. 20a, 13:15

Apirilaren 29an izango da aurkezpena, Sanagustin Kulturgunean, 19:00etan. "Koloretsua eta alaia" izango dela aurreratu dute eta herritar guztiak gonbidatuta dituzte aurkezpenera. 

Ikastolak Urola bailaran 50 urte egin ditu aurten eta horren harira aldizkari bat osatu du Ikasberri Ikastolak. 50 urte horien errepasoa egin du Ikasberrik 50+ aldizkarian eta aurrera begirako erronkak ere aztertu dituztela azaldu dute.

Elkarrizketak, erreportajeak, bertso sortak, ilustrazioak eta iritzi artikuluak bildu dituzte, besteak beste, ikastolaren ibilbidearen errepasoa egiten duen aldizkarian. Guztira, 72 orriko aldizkaria da: "Ilusioa islatzen duten 72 orrialde dira. Sorrerako ilusioa, jarraipenekoa eta aurrera egiteko daukagun ilusioaren isla", azaldu dute. "Horiek guztiak bilduta, aldizkari bat osatu dugu eta hori herritarren aurrean aurkeztera goaz", jakinarazi dute.

Aldizkariaren aurkezpena, apirilaren 29an izango da, Sanagustin Kulturgunean, 19:00etan hasita. "Koloretsua eta alaia" izango dela aurreratu dute eta herritar guztiak gonbidatuta daudela azpimarratu.

Bestalde, 50 urtean ikastolan izan diren protagonista "guzti-guztiak" aldizkarian agertzen direla esan dute: "Denak izen abizenez agertzen ez badira ere, gurasoak, ikasleak, irakasleak, langileak, laguntzaileak... den-denak agertzen dira. Denok baikara ikastola, eta denok jarraituko baitugu ikastola izaten, behar den bitartean".