Txiki Biran egitasmoaren bigarren saioa izango da zapatuan

Uztarria.eus 2016ko api. 19a, 11:44

El niño y el mundo filma ikusiko dute 16.30ean. Behin pelikula bukatuta, filmeko irudiekin txapak egiteko tailerra izango da. Saioa 7 urtetik gorako umeei zuzenduta dago. 

Paradisu Zinema zineklubarekin elkarlanean, Txiki Biran egitasmoaren bigarren saioa egingo dute zapatuan, apirilak 23, Soreasu antzokian. Arratsaldez egingo dituzte ekintzak 16:30ean hasita. Aurrena El niño y el mundo filma ikusiko dute eta, ondoren, filmeko irudiekin txapak egiteko tailerra izango da. Saioa 7 urtetik gorako haurrei dago zuzenduta.

Martxoan ziren bigarren saioa egitekoak baina bertan behera gelditu zen egitasmoa. Ingurugiro Etxeko Hezurren Egia erakusketaren bisita gidatua eta Ekainberrik eskainitako historiaurreko biziraupen tekniken tailerra zituzten prestatuta ordurako. Egin ez zutenez, zapatuko saioa da ekimenaren baitan egingo duten bigarrena. 

Duela urte batzuk jarri zuen martxan Txiki Biran egitasmoa Gazteria Sailak, herriko haur eta gaztetxoei hilabetero ikuskizun bat eskaintzea helburu. Kultur Mahaiak duela bizpahiru urte, "herriko haurrak eta kultur taldeak gerturatzeko beharra" agertu zuen eta hori horrela, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri zen Txiki Biran egitasmoa berreskuratzeko.

Iaz, egitasmoa eraberritu eta berriro ekin zioten Txiki Birani, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin Kooperatibak eta Udaleko Gazteria Sailak elkarlanean. Joan den urteko "arrakasta" ikusita, aurten ere ibilbidearekin jarraitzeko apustua egin dute. Hurrengo hilabeteetarako ere egitasmoak prestatu dituzte eta data gerturatzen joan ahala emango dute horien informazio zehatzagoa.