Ekainaren 5eko herri galdeketa

Herri galdeketaren inguruko xehetasunak azaldu ditu Hitzartuk

Uztarria.eus 2016ko api. 18a, 14:21
Hitzartuk zapatuan egindako batzar irekiaren irudia. (Hitzartu)

Herri galdeketara begira egin beharreko lanak, boluntarioen beharra, logistika gaiak, botazioen xehetasunak eta ekainaren 12ra bitarterako antolatutako egitasmo ezberdinak azaldu zituen Hitzartuk zapatuan. 

Ekainaren 12an egingo den herri galdeketaren xehetasunak azaldu zituen zapatuan, hilak 16, Hitzartuk. Soreasu antzokian egin zuten batzar irekia eta 150 herritar inguru hurbildu ziren bertara. 

Auzolana hitza nabarmendu zuen elkarteak larunbateko batzarrean. Izan ere, ekainaren 12a "herritar guztien eguna" izatea nahi du Hitzartuk eta horretarako "denen artean, bakoitzak bere esparrutik", lan egin behar dela azaldu dute. 

Batzarrean mintzagai izan zituzten, besteak beste, herri galdeketara begira egin beharreko lanak, boluntarioen beharra, logistika gaiak, botazioen xehetasunak eta ekainaren 12ra bitarterako antolatutako egitasmo ezberdinak. 

Bozketa prozesua

Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? izango da herri galdeketako galdera. Bozkatzerako garaian bi boto paper egongo dira, bata bai eta bestea ez erantzunarekin. Beraz, orrietan ez da gurutzerik edo markarik egin beharko. Boto paperak eta gutun-azalak Azpeitiko etxe guztietara banatuko dira, galdeketa egunaren aurreko bi asteen barruan. Etxe bakoitzean bi pertsonentzako adina utziko dira, baina bozketa leku edo mahai bakoitzean ere behar adina boto paper eta gutun-azal izango dira. 

Herri galdeketan parte hartu ahal izango dute Azpeitian erroldatuta dauden eta 2016ko ekainaren 12an 16 urte beteta dituzten pertsonak. 

Bozketa lekuak ez dira erakunde publikoen eraikinak izango, baina bozketa mahaiak ohiko bozketa-lekuen atarietan jarriko dira eta horretarako karpak erabiliko dituzte. Leku hauetan jarriko dituzte bozketa mahaiak: udaletxe azpian, Alde Zaharreko Baigera elkartearen aurrean, Alde Zaharreko ludotekaren parean, Betharram aurrean, Oktogonoaren atarian, Euskal Herria auzoko Karmelo Etxegarai aurrean, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan eta Urrestillako plazan. Bozkatzeko ordutegia 09:00etatik 20:00etara izango da. 

Herri galdeketa egunean halabeharrez botoa eman ezin duenak bi aukera izango ditu galdeketan parte hartzeko, maiatzaren 23tik ekainaren 10era bitartean, Azpeitiko Gure Esku Dagoren lokalean edo boto-emailearen helbidean. Azken aukera horretarako aurrez eskaera egin behar da. 

Beharrak galdeketara begira

Herri galdeketa egunera begira beharko dituzten laguntzak ere azaldu zituen Hitzartuk zapatuan, norbanakoenak eta ekonomikoak.

Guztira 200 pertsona boluntarioren laguntza beharko dutela azaldu zuten eta herritarrei dei egin zieten euren alea jartzera. Talde ezerdinetan banatuko dira laguntzaileak: galdeketa mahaietako kideak, bozketa lekuetako boluntarioak, informatikoen taldea, ekintza osagarrietako laguntzaileak, bozketa lekuak prestatzearen arduradunak, kanpainako lanetan lagunduko duten herritarrak, finantzaketa taldean lagunduko dutenak eta komunikazio eta harremanen taldean arituko direnak. 

Galdeketaren gastuen aurreikuspena eta diru sarrera iturrien aurreikuspena berdina dela azaldu zuten: 8.100 euro. Horiek lortzeko kamisetak nahiz ardoak salduko dituzte eta zozketak jarriko dituzte martxan. Elkartearen kontu korrontera ekarpenak ere egin ahal izango dira. 

Ekainaren 12ra bitarterako ekimenak

Ekainaren 12a bitarte, herriko hainbat eragilek herri galdeketari babesa emateko hainbat ekimen antolatu dituzte, "E12 independentziaz herri galdeketa" irudiaren bueltan. 

Honakoak dira orain arte antolatu dituzten ekintzak eta datak:

Apirilak 23: Kalezka popularra Frontoi Txikin, Ilunpeko pilotariek antolatuta

Apirilak 30: Erabaki Fest, egun guztiko musika egitaraua, Herriko tabernariek antolatuta. 

Maiatzak 7: Izarraizko mendi lasterketa, mendizaleek antolatuta.

Maiatzak 11: "Zertarako herri galdeketak?" hitzaldia Sanjuandegin, Jon Maia eta Begoña Garmendiaren eskutik. XJ-ko herri galdeketako taldeak antolatuta. 

Maiatzak 13: Bertso poteoa eta "Balkoitik balkoira" bertso saioa. Bertso poteoan izango dira Jon Gurrutxaga eta Eneritz Artetxe, Asier Txibilter eta Beñat Lizaso, Jose Luis Gorrotxategi eta Joan Jose Loidisaletxe. Balkoitik balkoira, aldiz, Xebastian Lizaso eta Jokin Uranga. Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta.

Maiatzak 14: 3x3 txapelketa eta xake partida herrikoia, Iraurgi Saskibaloi Taldeak eta Azpeitiko Xake Talderak antolatuta.

Maiatzak 15: Beteranoen futbol txapelketa triangeluarra, Lagun Onak Futbol Elkarteak antolatuta. 

Maiatzak 18: Mahai ingurua: Martxelo Otamendi eta Vicent Partal. Herri galdeketaz arituko dira solasean eta Partalek Kataluniako herri galdeketaren esperientzia izango du hizpide. Uztarriak eta Gure Esku Dagok antolatu dute solasaldia. 

Maiatzak 22: Literatur emanaldia. "Independentziaren osteko eguna" gaitzat hartuta Urola Kostako hainbat idazlek (Jose Luis Otamendi, Iñigo Aranbarri, Jon Benito, Xabier Gantzarain...) prestatutako emanaldia.

Maiatzak 28: Lipdub grabaketa.

Maiatzak 29: Xoxoteko eguna, Egun hori herri galdeketa bultzatzeko aprobetxatuko dute mendizaleek. 

Ekainak 1: "Euskal Estatu Feminista" hitzaldia Jule Goikoetxearen eskutik. Emakumeen Mahaiak antolatuta.

Ekainak 2: Atzerrian dabiltzan azpeitiarrekin egindako bideoaren aurkezpena. 

Badira zehaztu gabe dauden beste ekintza batzuk ere eta denboran aurrera jakinaraziko dira horiek.