Hilda aurkitu dute apirilaren 3tik desagertuta zegoen gizona

Uztarria.eus 2016ko api. 15a, 16:43
Ildefonso Alustizaren gorpua aurkitu duten ingurua. (UROLA KOSTAKO HITZA)

Otzaka baserri inguruko zelai batean topatu dute Ildefonso Alustiza 84 urteko frantziskotarraren gorpua, gaur bazkalondoan, 13:30ak aldean.

Ildefonso Alustizaren gorpua gaur, ostirala, bazkalondoan aurkitu dute, Olaztik gertu eta Izarraitz auzoan dagoen Otzaka baserri inguruko zelai batean. Inguruan jolasean zebiltzan bi umek aurkitu dute hilotza, zuhaixka batzuen artean. Haiek etxekoak ohartarazi ondoren, Udaltzaingoari pasatu diote abisua eta horiek Ertzaintzari; lekura joan diren poliziek baieztatu dute hildakoa Ildefonso Alustiza zela.

Joan den apirilaren 3tik desagertuta zegoen Alustiza, 84 urteko frantziskotarra. Egun horretan, Azpeitian familiarteko bazkaria izan ondoren, herrian bertan bizi zuen arreba bati bisita egitera zihoala esanda jatetxetik irten zenean galdu zuten haren arrastoa.

Hurrengo egunean bertan hasi zituzten bilaketa lanak eta asteartean, apirilak 5, desagertutako gizonaren autoa topatu zuten, Azpeitian, Urola kalean. Joan den astelehenean, eta astebete emaitzarik lortu gabe aritu ostean, bilaketa lanak bertan behera utzi zituzten