Pintxo dastaketa eta I. Pintxo lehiaketa izango da bihar, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren bueltan

Uztarria.eus 2016ko api. 15a, 13:29

Bihar, zapatua, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren aitzakian hainbat ekimen izango dira herrian, horien artean bertako produktuekin egindako pintxo dastaketa eta I. Pintxo lehiaketa.

Bertako produktuekin egindako pintxoen dastaketa egun osoan zehar izango da, Ertz, Eguzkitza, Etxaun delicatessen kafetegia, Juantxo Txiki eta Ganbara Gourmet tabernetan. Pintxoa 1,60 euro ordaindu beharko da. Helburua da, egun horretan maratoia ikustera edota egitera datozen pertsona horiek, bertakoa baloratu eta bertako produktuak dastatzeko aukera izatea

I. Pintxo lehiaketa 18:00etatik 20:00etara izango da, Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkartearen ekimenez eta Azpeitiko Udalaren laguntzaz. Etxe-Zuri, Topa, Korrale, Zuhatz, Oñatz tabernak eta Sanagustin kulturguneak hartuko dute parte. Pintxoa euro bat ordaindu beharko da. Epaimahai anonimoak emango du irabazlearen berri. Horrez gain, Publikoaren saria ere izango da. Beraz, parte hartuz eta herritarrek puntuazioa emanez, bi lagunentzako afari baten zozketan ere parte hartuko dute.