Gaur bukatuko da zapatuko Azkoitia-Azpeitian izena emateko epea

Uztarria.eus 2016ko api. 14a, 19:16

Gauerdian itxiko dute izen-ematea. Maratoi erdirako 700 atleta inguruk emana dute izena, lasterketa motzerako 160k eta 45 patinatzailek. Eliteko atleten zerrendan, berriz, azken orduko aldaketak eta berrikuntzak egon dira.

Gaur, osteguna, gauerdian amaituko da zapatuan jokatuko den Azkoitia-Azpeitia atletismo frogan izena emateko epea. Azken orduko izen-emateen zain, momentuz maratoi erdirako 700 atleta inguruk emana dute izena, lasterketa motzerako 160k eta 45 patinatzailek. www.azkoitia-azpeitia.com webgunean edo Robers Kirolaken Azpeitiko eta Donostiako dendetan eman daiteke izena; denden kasuan, noski, gaurko itxiera ordua baino lehen.

Elitekoen zerrendan aldaketak, bisa arazoak medio

Maratoi erdian lehiatuko diren eliteko atleten zerrendan azken orduko "aldaketa asko" izan direla jakinarazi dute antolatzaileek. Horrela, aurkezpen egunean iragarri zituzten hainbat atletak ezingo du, azkenean, Diego Garciaren omenezko lasterketan parte hartu. Keniako eta Etiopiako atletek bisarekin arazoak izan dituztela azaldu dute: "Bruselako atentatuen ostean, bisak emateko prozedurak aldatu eta luzatu egin dituzte Kenian eta Etiopian. Horrela, dagoeneko hegaldiak hartuta zituzten hainbat atleta, bisa ateratzeko denborarik gabe geratu dira eta ezin izan dute gure lasterketara etorri". Azken orduko arazo horri buelta emateko lanean aritu direla ere esan dute maratoi erdiaren arduradunek, kontratazio berriak egin asmoz, "baina apirilean dauden 80 maratoi eta maratoi erdik, asko zailtzen dute kontratazio onak egitea".

Aipatutako gorabeheren ondoren, eta azken orduan nobedaderik izango den ikusteke, gizonezkoetan Emmanuel Bett (iazko garailea), Edwin Koech, Sammy Kurui, Moses Kipkosgei Bowen, Thomas Kiplagat, Hicham Oualla, Jaouad Tougane, Workneh Fikre Serbessa, Tom Mutie, Jesus España eta Jaume Leiva baieztatuta dituzte; emakumezkoetan, berriz, Fatima Ayachi eta Paula Gonzalez.