UEMAren hezkuntza proiektua martxan jarri dute Azpeitian ere

Uztarria.eus 2016ko api. 14a, 19:38
Xabi Aizpurua, atzo Zarautzen egindako saioan. (UEMA)

Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta jarri du martxan hezkuntza proiektua Udalerri Euskaldunen MankomunitateaK. DBHrako eta Batxilergorako materiala sortu dute eta dagoeneko landu dute eduki hori Azpeitiko Urola Ikastolan.

Hezkuntza proiektua jarri du martxan UEMAk, udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea helburu. Izan ere, Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla azaldu dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko arduradunek.

Horrela, gaia udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko egitasmoa prestatu eta proba moduan zenbait herritan abian jarri du ikasturte honetan UEMAk. Izan ere, euskararen arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia ikasgeletan zabaltzea da UEMAren asmoetako bat. Bide horretan, DBHrako eta Batxilergorako materiala sortu du UEMAk, eta ikasturte honetan Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako zazpi ikastetxetan landu dute. DBH 3 eta 4 mailetako 400 ikasleekin egin dute azterketa; bost jardunaldi egin dituzte hiru hilabetetan, eta saio horietan euskararen normalizazioari buruzko galdetegiak bete dituzte ikasleek. Batxilergoan, gainera, sei gelako ikastetxe batean esperientzia pilotua egin dute, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIn. Era berean, irakasleekin formazio tailerrak eta elkarrizketak egin dituzte.

Esperimentazio fasea bukatuta, lehen fase honen emaitzak atzo, asteazkena, ezagutarazi zituen UEMAk, Urola Kostako Berritzegunean egindako aurkezpenean eta lan-saioan. Zazpi ikastetxe horietako ikasleak, irakasleak, herrietako euskara teknikariak eta hezkuntzako eragileak elkartu ziren Zarautzen. UEMAko lehendakari Josu Labakak aurkezpenean nabarmendu zuenez, "udalak euskaldundu arren udalerri euskaldunak erdalduntzena ari direnez, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea da UEMAren ildo estrategikoetako bat, eta hor kokatzen da hezkuntza proiektu hau, soziolinguistika edukiak ikastetxeetan eta curriculumean ere txertatzeko, modu integral eta iraunkorrean". UEMAren hezkuntza proiektua landu duen Xabi Aizpurua teknikariak, berriz, esperimentazio fasearen nondik norakoak eta aurrera begirakoak nabarmendu zituen; Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu saria irabazi zuen iaz Aizpuruak, Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia lanarekin. Teknikariak atzo azaldu zuenez, "uztailera bitartean, UEMAko herrietara zabalduko dugu proiektua, DBHn eta Batxilergoan. Asmoa soziolinguistika edukiak ikasgelan lantzea da, arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren kontzeptua barneratu dezaten udalerri euskaldunetako ikasleek: ahalduntze eta sentsibilizazio lan hori eginda lor daiteke euskararenganako jarrera aldaketa ikasleengan".

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 73 herrietan, HHko 90 zentro, LHko 87, DBHko 48, Batxilergoko 20 eta Lanbide Heziketako 13 daude. Esperimentazio fasea amaituta, orain, proiektua horietan eskaintzea eta horietara zabaltzea da UEMAren asmoa.