Bertan behera utzi dituzte desagertuta dagoen 84 urteko gizonaren bilaketa lanak

Uztarria.eus 2016ko api. 12a, 12:14
Urpekaritza taldeko ertzainak bilaketa lanetan ibili ziren joan den apirilaren 5ean

Atzora arte ibili ziren araketa lanetan baina emaitza falta ikusita eten dute bilaketa. Hala ere, ikerketarekin jarraituko dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Apirilaren 3an Azpeitian bazkaldu ondoren desagertu zen gizona bilatzeko lanak bertan behera utzi dituzte, emaitza faltagatik. Ikerketa lanekin jarraituko dute, ordea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez. 

Atzo utzi zituzten bertan behera bilaketa lanak, baina ordura arte, Gurutze Gorria, DYA, Ertzaintzaren mendiko erreskate taldea, txakur unitatea eta urpekaritza taldea aritu dira gizona bilatzeko lanetan. Horiez gain, Ertzaintzaren helikoptero bat ere ibili da inguruak behatzen. Odria, Izarraitz eta Oñatz auzoak, mendi inguruak eta Urola, Ibaieder zein Errezil ibaiak arakatu dituzte.

Apirilaren 3an familiarekin Azpeitian bazkaldu ostean desagertu zen Idelfonso Alustiza. Tolosako komentutik deitu zieten elizgizonaren familiakoei, hura iritsi ez zela jakinarazteko, eta orduz geroztik haren bila ibili dira. Apiriaren 4an aurkitu zuen desagertutako gizonaren autoa Azpeitiko Udaltzaingoak, Damaso auzoko Urola kalean.