Erniarraitzekoak Pernando Amezketarra sariketaren finalerako sailkatu dira

Uztarria.eus 2016ko api. 11a, 18:15

Haritz Garmendia azpeitiarrak, Eneritz Artetxe azkoitiarrak eta Aitor Salegi zestoarrak osatutako Erniarraitzeko taldea Pernando Amezketarra bertsolaritza sariketaren finalean izango da. Tolosaldeko Harituz Bertsozale Taldeak antolatu du lehen aldiz taldekako sariketa hori eta urolatarrek Oñatiko taldea izan zuten aurrez aurre Asteasun joan den ostiralean, sariketaren lehen jardunaldian. Finala apirilaren 30ean jokatuko da, Amezketan. Erniarraitzekoek bertan izango duten aurkaria, berriz, datorren ostiralean Berastegin jokatuko den bigarren kanporaketan erabakiko da; Hernaniko eta Goierriko taldeak ariko dira nor baino nor bigarren saio horretan.

Harituzekoen bideo honetan, Garmendiak, Artetxek eta Salegik etxetik prestatuta ekarri eta Asteasun egin zuten agurra entzun eta ikusi daiteke.