Poltsa konpostagarriak banatzeko diru-laguntza emango die hainbat komertziori Urola Erdiko Mankomunitateak

Uztarria.eus 2016ko api. 11a, 12:55

Guztira 10.000 euro bideratuko ditu Mankomunitateak establezimenduek poltsa konpostagarriak banatu ditzaten. Azpeitian lau komertziok jaso ditzakete diru-laguntzak eta horiek eskatzeko epea zabalik dago.

Poltsa konpostagarriak banatzeko diru-laguntza emango die Urola Erdiko Mankomunitateak, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako hainbat merkataritza eta zerbitzu-establezimenduri. Horien egin beharrekoa izango da herritarrei poltsa konpostagarriak banatzea, komertzio bakoitzaren arreta-ordutegian. Urtebetez banatu beharko dituzte poltsak, Mankomunitateak horiek eman eta hurrengo egunetik hasita. 

Kanpainaren helburua birziklapena sustatzea da, herritarrei hondakinak jatorrian bereizteko baliabideak emanez. Horretarako, 10.000 euro bideratuko ditu Mankomunitateak. Guztira hamar komertziok jasoko dituzte diru laguntzak. Beraz, 1.000 euro jasoko ditu establezimendu bakoitzak. 

Azpeitian eta Azkoitian lau establezimenduk jaso dezakete sustengu ekonomikoa. Zestoan, aldiz, bi komertziok eskatu ditzakete diru-laguntzak. Establezimendu onuradunak auzo ezberdinetan egongo dira eta Azpeitia eta Azkoitian ostalaritzako establezimenduek ezin izango dute laguntzarik eskatu.

Honako hauek dira diru-laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak:

  • Jarduera Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkataritza eta zerbitzu establezimendu iraunkorretan gauzatzea
  • Jendearentzako arreta eskaintzea goizez eta arratsaldez
  • Azken urtean benetako presentzia eta jarduera izatea udalerri horietan
  • Udal-lizentzia izatea edo jarduera-aurreko jakinarazpena aurkeztu izana ziurtatzea eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta izatea.
  • Lokala irisgarria izatea. Baldintza hau betetzen ez duen eskatzailerik ez badago, prozedura gainontzekoekin jarraitu ahal izango da.

Eskaera epea zabalik

Diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago eta maiatzaren 6an amaituko da. Eskaera orriak eta laguntzak eskatzeko oinarriak Urola erdiko Mankomunitatearen webgunean eskuratu daitezke. Horiek betetzeko argibideak, aldiz, Mankomunitatearen Azpeitiko Bulegoan (Enparan kaleko 34. zenbakian) eta Azkoitiko eta Zestoako Hondakinen Informazio Buelgoan jaso daitezke.