Sanagustin jendez lepo, Bertan merkatari elkarteko moda desfilean

Uztarria.eus 2016ko api. 11a, 11:50

Denboraldiko arropaz jantzi zen atzo, igandea, Sanagustin kulturgunea, Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak Want Kooperatibaren laguntzarekin antolatutako moda desfilean. Bertan bizi, bertan erosi filosofiaren baitan antolatu zuten egitasmoa eta jendetza hurbildu zen Sangustinera, herriko hainbat dendetako jantzien eta osagarrien desfilea ikustera. 

Xanti Agirrezabalak gidatu zuen saioa eta ez zen sorpresarik falta izan. Ekain Ibargurenek malabareen emanaldia eskaini zuen eta ikusleen artean hainbat zozketa egin zituzten, horien artean, herriko dendetako produktuekin osatutako otarre bat, Hemenbuy! online plataformaren eskutik. Opariak ere jaso zituzten moda desfilea ikustera joan ziren hainbat lagunek. 

Guztira, Azpeitiko 18 denda izan dira desfilean parte hartu eta euren produktuak erakutsi zituztenak: Babesa Gazte Moda, Zuri-Beltz, Ilargi, Saltoka, Kukua, Romaes, Tilin-Talan, Biur, Otola, Arrospide, Amelie, Arantxa haur jantziak, Haurtxoa, L. Xaxarki, Irene Altuna loradenda, Koket, Pipes eta Luix Beltza.