Estatugintza eta euskalgintza, egunerokoan eta eskutik

Uztarria.eus 2016ko api. 8a, 21:07
Ezkerretik eskubira, Mikel Irizar, Lorea Agirre, Hedoi Etxarte eta Irati Sarasua, Sanagustinen.

Mahai-inguruaren izenburuko galderatik abiatuta (Zer ekarpen egin diezaioke euskarari euskal estatu independente batek?), independentzia mugimenduetan murgildu diren edota murgilduta dauden beste herrialde batzutako adibideak, abertzaletasuna, instituzioen inplikazioa eta herri mugimenduekiko elkarlana, edota gurean bizi diren beste hizkuntzekiko harremanak nolakoa izan behar lukeen hizpide izan zituzten atzo Sanagustinen Hedoi Etxartek, Lorea Agirrek eta Mikel Irizarrek.

"Mahaia gaizki aukeratu duzue, hemen ez dago eztabaidarik", zioen Mikel Irizarrek, umorez, bere bigarren hitzartean. Natul euskara taldeak antolatutako mahai-inguruko hiru partaideak ados azaldu ziren, izan ere, kontu nagusian: euskarak presente egon behar duela eraldaketa sozialeko mugimendu orotan, eta estatugintzan ere bai, ezinbestean.

Hiru hizlarien zenbait esan eta aipu irakur daitezke jarraian:

Hedoi Etxarte: "Oso eztabaida zaila da, tokian-tokian baremoak asko aldatzen direlako. Baina, oro har, guztietan da aplikagarria hizkuntzek baino, hiztunek dituztela eskubideak, eta kasu batzutan betebeharrak".

"Nafarroan Parlamentua euskaldunagoa da, orain, kalea baino. Baina lan-mahaietan eta, ez dute erabiltzen ia deus".

"Estatugintza edo burujabetza egunero eraikitzen direla zioen Jule Goikoetxeak, erabakiak egunero hartzen dira. Zenbat ertzain, udaltzain... diren euskaldunak, hor ez dago Madrildik hartutako erabaki bat, hori hemen erabakitzen da. Zergatik Gasteizen ezin duzu erosi tren txartel bat euskaraz? Gero, egin ditzakezu euskararen aldeko nahi dituzun kanpainak, baina kanpaina onena praktika da".

"Estatugintza eta euskara konfort egoeratik kanpo egitea garrantzitsua da".

"Nafarroan, irakaskuntza albo batera utzita administrazio publikoa langileen %1ari eskatzen zaio euskara. Herritarren %19k daki".

"Erakundeek beharko lukete agilitate hori, mugimendu sozialek dutena".

Lorea Agirre: "Oinarrian ados nago Txillardegirekin: estatuarekin zaila euskararen normalizazioa, estaturik gabe ezinezkoa".

"Euskararen normalizazioak botere politikoa ahalik eta handiena behar du, boterea delako araua. Eta estatua, estatua delako gaur egun gure inguruan eta gure errealitatean tresna normalizatzaile handiena. Estatuak gauza asko normalizatzen ditu, ez hizkuntzak bakarrik, gauza asko".

"Alderdi abertzaleek euskararen funtzio sinbolikoa onartu dute, baina praktikoa eta funtzionala ez hainbeste".

"Estatua izango da, estatugintzan egiten duguna. Eta euskara prozesu horretan ez badugu jartzen, ez da estatuan egongo".

"Euskalduntzea doan izan behar da, inportantea da hori. Ez baita behartzea bakarrik, lagundu egin behar da".

"Planteamendua ez da euskalduna espainolaren kontra, baizik eta eskubideen alde dagoena eta kontra dagoena".

"Esan dezaket, zenbat eta hizkuntza gehiago hobeto, desideratum bat bezala. Pixka bat sakonduz, euskara espainolarekin eta frantsesarekin desorekan bizi dela kontuan hartuta, gu desorekatzen gaituenarekin, kontuz".

"Herri bat erdalduntzeko nahikoa dira hiru lagun: alkate erdalduna, mediku erdalduna eta epaile erdalduna".

Mikel Irizar: "Euskaltzaleon obligazioa da, edozein dinamika sozial gauzatzen dela ere, presente, aktibo eta aurrean ibiltzea; bermatzeko, beti ere, dinamika sozial horrek euskara beti izango duela aurrean. Eta estatugintza dinamika nagusituko balitz, euskaltzaleok ere hor egon behar dugu, euskararen presentziaren indarra bermatzeko".

"Euskararen posizio soziala euskaltzaleon posizio sozialaren araberakoa izango da".

"Luistxo Fernandezek galdera bota du lehen: estatuaz ari garenean, zer estatutaz ari gara? Zazpiak bat? Gipuzkoa? (...) Lurraldetasunaren subjektua ere planteatu behar da".

"Erakundeen eta euskalgintzaren arteko lankidetzarekin ez dakit zer lortuko dugun, baina hori gabe ezer ez. Erakundeen eta herri mugimenduen lankidetza ezinbestean eman behar da. Euskalgintzako nire ibilbidean beti izan dut borroka hori".

"Etorkinen kontuan asko dugu irabazteko, eskuzabalak izan behar gara".

"Euskaldunok pasaportea euskararekin ematen dugu".