Turismoak datu "oso onak" utzi ditu Azpeitian Aste Santuan

Uztarria.eus 2016ko api. 8a, 18:47
Bidaiariak lurrun trenaren zain, Burdinbidearen Euskal Museoan. (AZPEITIKO UDALA)

Iazkoarekin alderatuta, %18 igo da Loiolako informazio bulegotik igaro den bisitarien kopurua eta Burdinbidearen Euskal Museoak "marka guztiak hautsi" ditu, Udalak jakinarazi duenez.

Joan den Aste Santuan turismo arloak herrian utzi dituen datuak "oso onak" izan dira. Hala esan du Azpeitiko Udalak, Loiolako Turismo Bulegoak eta Burdinbidearen Euskal Museoak emandakoak baloratuta.

Aurtengo datu onak iazkoei gehituta, "azken bi urteotan turisten ibilia izugarri hazi dela nabaritu" daitekeela diote udal arduradunek: "Iazkoarekin alderatuz gero, %18ko gorakada izan du Aste Santuko oporraldian Loiolako Turismo Bulegotik pasatu den bisitari-turista kopuruak. Iaz ere, 2014arekin alderatuta, %30 igo zen bisitari kopurua; beraz, aurten %18ko gorakada izateak ere balio izugarria du".

Martxoaren 19tik apirilaren 3ra bitartean, 1.558 bisitari joan ziren Loiolako bulegora informazio eske, gehienak espainiarrak eta euskal herritarrak: "Jatorriari dagokionez, %39 Euskal Herrira egun batzuk pasatzera etorritako espainiarrak izan dira, %33 eguna pasatzera etorritako euskal herritarrak, %9 karaluniarrak, eta %16 atzerritarrak; batez ere turismo erlijiosoa egitera etorri diren taldeak izan dira azken horiek".

Zenbakiak oraindik ez badituzte ere, Burdinbidearen Euskal Museoak ere "marka guztiak hautsi" dituela azaldu du Udalak, Ostegun Santuan hasita lurrun trenean ibiltzera "egunero jende andana" etorri dela nabarmenduz.