Jose Antonio Elorza 'Elortxa': "Gogoak emandakoa, gustukoa, egiten genuen"

Urola Kostako Hitza 2016ko api. 8a, 17:32
Elortxa, Jotakieren abeslaria. (ANA ABARISKETA)

Azpeitia eta Azkoitia artean jaio zen Jotakie 80. hamarkadarekin batera. Euskal musikaren iraultza garaiak ziren haiek. Hogei urteren ostean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean joko dute bihar.

Jose Antonio Elorza Elortxa-k (ahotsa), Manolo Azpitartek (gitarra), Peio Larrañagak (bateria) eta Luka Martinek (baxua) osatzen dute Jotakie musika taldea. Taldeko abeslariarekin hitz egin du Urola Kostako Hitza-k. Azpeitiko ikastolaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko Sanagustingo oholtzara igoko dira bihar.

Nola sortu zen Jotakie?

80. hamarkadan hasi ginen, 1981ean uste dut. Gipuzkoa Star 82 lehiaketara aurkeztu ginen. Gero, izen bereko diskoa kaleratu zuten, eta dozena bat talde baino gehiagok parte hartu zuten diskoan, tartean guk. Halere, ordurako martxan hasita geunden.

Nondik jaio zen aukera hura?

Diputazioak antolatutako lehiaketa bat izan zen. Diskoko abestia gaztelaniaz grabatu genuen, nahiz eta gure asmoa euskaraz grabatzea izan. Soinu-teknikari famatu bat ekarri zuten, baina guk ez genekien estudio bat zer zen ere. Aukeratu genuen kantua ez zitzaion gustatu hari, eta, azkenean, aurreko astean Pattak ekarritako La pop abestia grabatu genuen, gaztelaniaz.

Nola sortu zenuten laukotea?

Hasieran, gehiago ginen taldean. Pellok, Lukak eta nik, eta Juanma Aparicio Makiko-k eta Jesus Sudupe Pattakiek osatzen genuen. Azken bi horiek nahiago zuten beste musika mota bat egin, eta Direccion Obligatoria sortu zuten. Taldearen azken urteetan, beste gitarra-jole bat gehitu zitzaigun: Fran Iturbe. Orain, Los Angelesen (AEB) bizi da, eta musikari profesionala da. Mikel Erentxun edo Enrique Bunburyrekin jotzen du hark.

Nolakoak izan ziren hasierak?

Herri mailan jotzen genuen, eta ez genuen arrakastarik. Pixkanaka, jendea deitzen hasi zitzaigun. Behin, Nafarroako Bakaiku herrira joan ginen, eta Kortatu eta Belladonarekin jo genuen. Marino Goñi ere agertu zen kontzertura. Soñua diskoetxean zegoen orduan, eta hark eskaini zigun diskoa grabatzea Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi! taldeekin. Gero, Zurt (Soñua, 1986) gure lehen diskoa kaleratu genuen.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, joan Urola Kostako Hitza-ren webgunera.