"Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek"

Gipuzkoako Hitza 2016ko api. 8a, 12:40
Unai Frantzesena eta Jose Luis Frantzesena. (Julene Frantzesena)

Azpeitiko Udal Musika Banda 150. urteurrena ospatzen ari da aurten. Egitarau oparoa prestatu dute urte guztirako, eta mende eta erdiko ibilbideari begiratu bat eman diote bandako azken bi zuzendariek.

Aita-semeak dira Jose Luis Frantzesena (Azpeitia, 1942) eta Unai Frantzesena (Azpeitia, 1974). Odolak ez ezik, musikak ere lotzen ditu. Izan ere, Jose Luisek 1986an hartu zuen Azpeitiko Udal Musika Bandaren gidaritza; Unai semeak, berriz, 2007ko irailean eutsi zion aitaren lekukoari, eta bera da egungo zuzendaria. Azpeitiko Udal Musika Banda 150. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta aita-semeek bandaren iragan laburreko ibilbideaz hitz egin dute.

150 urte. Erraz esaten da…

Jose Luis Frantzesena: Bai, urte asko dira. Bigarren Karlistadaren ostean, herri askotan sortu ziren bandak. Herrietako orkestrak dira.

Unai Frantzesena: Beste hainbat bandak ere ospatu du 150. urteurrena. Azkoitikoak, esaterako, datorren urtean beteko du urtemuga. Imanol Elias zenak idatzitako efemerideen liburuan ikusi genuen duela 150 urte bandarako instrumentuak erosteko diru saila jarri zuela udalak. Hura hartu genuen datatzat, baina orain anaia hasi da bandaren inguruko liburua idazten, eta lehenagoko datak agertzen dira artxiboan eta.

Bandan hastean, zerekin egin zenuten topo?

J.L.F.: Zuzendari hasi nintzen, hala proposatu baitzidaten. Kopuruz, banda txikia zen orduan; 22 edo 23 lagunekoa. Bitan banatuta zegoen gainera, eta, poliki-poliki, lortu genuen bat egitea. Ordutik ez da hausturarik izan, eta ikaragarria da hori. Konpromisoa eskatzen du bandak, eta iraun dezan lana egin behar da. Orain martxa onean dago.

U.F.: 15 bat urterekin hasi nintzen ni. Aitak xilofonoa ekarri zuen etxera, eta hura jotzea erraza iruditu zitzaidala esan nion. Bandan hasteko esan zidan, eta halaxe egin nuen. Zuzendari moduan, bederatzigarren ikasturtea dut hau. Dena den, bandan jotzetik hura zuzentzera saltoa dago.

J.L.F.: Zuzendari nintzenean, lehengo jendeak osatzen zuen banda. Bandan bertan pixkanaka ikasitako jendea zen, eta zaila zen errepertorio berria egitea.

Jarraitu irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean