'Kiki. El amor se hace' eta 'Norman iparraldekoa' filmak ikusgai asteburuan, Soreasun

Uztarria.eus 2016ko api. 8a, 12:17

Kiki. El amor se hace eta Norman iparraldekoa filmak izango dira ikusgai zapatutik astelehenera bitartean Soreasu antzokian. Zapatuan Kiki. El amor se hace emango dute, 22:00etan hasita. Igandean, hilak 10, gaztetxoenek Norman iparraldekoa filma ikusi ahal izango dute 16:30ean. Bestalde, Kiki. El amor se hace eskainiko dute 19:30ean. Astelehenean, ikusleen egunean, berriro eskainiko dute Kiki. El amor se hace pelikula, 21:30etatik aurrera.

Kiki. El amor se hace 2016ko filma da, Espainian ekoiztutakoa. Paco Leon da zuzendaria eta komedia generokoa da. Zaletasun sexual bitxiak dituzten bost maitasun istorio kontatzen dira filmean. Dacrifilia, Elifilia, Somnofilia eta Harpaxofilia dira protagonistek probatu nahi dituzten plazer-jolasak, baina horiek euren bizitzan nola txertatu asmatu behar dute. Euren sentimenduak, beldurrak eta sexu bizikidetza tabuak hautsita, maitasuna eta plazerra uztartzen dituen bizitzako etapa aske eta emozionante berrian sartzen dira. 

Norman iparraldekoa animazio filma da eta Artikoan bizi den hartz txuriaren istorioa kontatzen du. Hartza gustura bizi da izotz arteko bakean. Egun batean, baina, turistentzako leku bilakatzen da, eta akabo bakea. Hori dela eta, bere lagunekin batera New Yorkera joatea erabakitzen du bere lurretan eraiki nahi dituzten proiektuak geldiaraztera.