Ane Bastida: "Disko berria besteak baino elektrikoagoa da"

Uztarria.eus 2016ko api. 8a, 11:18
Ane Bastida. (Mikel Blasco)

Disko berria kaleratu berri du Lauroba taldeak: IV. Gaur, ostirala, aurkeztuko dute beraien azken lana Azkoitiko Zurt tabernan. Diskoaren nondik norakoez eta taldeak aurrera begira dituen asmoez hitz egin du Ane Bastida (Azpeitia, 1987) taldeko baxuak Uztarria.eus-ekin. 

Zerk bereizten du disko berria gainerakoetatik? 

Disko honetan sinteekin jolasean ibili gara eta, beraz, besteak baino elektrikoagoa da.

IV. izena jarri diozue. Zergatik?

Ez diogu buruari buelta gehiegi eman eta gure laugarren diskoa delako jarri diogu izen hori. Ez horregatik bakarrik, ordea. Izan ere, azken diskoa kaleratu genuenetik lau urte igaro dira eta kaleratu berri dugun lana lau estudio ezberdinetan grabatu dugu: AME estudioan (Mutriku), Pottoko estudioan (Beasain), Gaztain estudioan (Zestoa) eta Solana estudioan (Tolosa). Ondoren, masterizazioa Estanis Elorzak egin digu, Doctor Master estudioan (Igara).

Zenbat denbora eman duzue disko berria prestatzen? 

Egia esan ez genuen denbora gehiegi eman kantuak prestatzen. Grabatu ere segituan egin genuen baina ondoren iritsi zen zailena, detailetxoak sartzen hasi ginenean, ez genuen bukaera ikusten. Gainera, detaile txiki horiek zuzenekoetan sartzea ere nahi genuen eta horiek prestatzen denbora dezente pasatu dugu. Azkenean urtebete pasa aritu gara diskoa prestatzen.

Zein gai landu dituzue kantuetan? 

Gai asko landu ditugu disko berrian. Horien artean dago, esaterako, amodioa. Mila bider abestia horretan oinarritzen da. Hala ere, badaude maitasunaren gaitik urrun, beste mota batetako abestiak ere. Adibidez, Ontzi zahar batean izeneko kantuak orain dela urte batzuk Libian hondoratutako itsasontzi bati buruzko istorioa kontatzen du. Lur beltzetan ogi zuriak abestiak, aldiz, iheslari baten bizitza du ardatz.

Ezaugarri batekin deskribatu beharko bazenu... 

Dibertsitatea. Agian, arraroa da hitz hori aukeratzea baina hala aukeratu dut abestiak beraien artean oso ezberdinak direlako. Doinu desberdinak landu ditugu, baita instrumentu ezberdin asko erabili ere. Aipatzekoa da azken lan honetan jende askoren kolaborazioa dagoela: Vendetta taldeko Pello Reparaz eta Ruben Antonena (haizeak), Grises taldeko Eñaut Gaztañaga eta Alejo Orbegozorena (sintetizadoreak), Izaro Andresena (ahotsa) eta Xabier Zeberiorena (sokak), esaterako. Horrenbeste pertsonen ekarpenei esker abesti bakoitzak bere ukitu berezia du.

Munduaren beste aldean izena du disko berriaren single berriak. Zer dago munduaren beste aldean?

Dena buruz behera. Edo agian gu gara buruz behera gaudenak eta oraindik ez gara ohartu? Munduaren beste aldean metafora bat da. Eroso gauden lekuetan gelditzen gara askotan, bizitzako gauza interesgarrienak eremu horretatik kanpo dauden arren. Hori azaltzen du abestiak.

Diskoa Azpeitian aurkezteko asmorik ba al duzue?

Noski. Izugarrizko gogoa dugu Azpeitian gure azken lana aurkezteko. Orain, baina, data egokia bilatzea tokatzen zaigu. Beti izan ohi da berezia herrian jotzea, lagunez inguratuta. Beraz, ea laster ikusten dugun elkar.

Behin diskoa kaleratuta, zein dira zuen asmoak? 

Egindako lan guztiaren ondoren, diskoari ahalik eta zuku gehien ateratzea da asmoa: kontzertu pila bat ematea, horietaz disfrutatzea eta jendeari belarriak goxatzea.

Sei urte dira dagoeneko taldean hasi zinenetik. Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?

Duela sei urte, Laurobarekin hasi nintzenean, ilusio handiz ekin nion bideari, beldurrak eta lotsak ahaztu gabe. Maila horretako jendearekin oholtza partekatzea presio handia zen niretzat. Taldeko kideei esker, ordea, bereziki Iker Laurobaren babesari esker, pixkanaka gauza berriak ikasten joan nintzen. Horrela, oholtza gainean lasaiago sentitzen hasi nintzen eta musikarekiko nituen ezagutzak handitu nituen. Hori bai, urduritasuna presente egoten da oraindik eta lasaitzen ikasteko prozesuarekin jarraitzen dut. Gainera, Laurobaren parte izateak musika munduko jende asko ezagutzeko aukera eman dit eta talde ezberdinetan jotzeko ateak zabaldu dizkit. Hori oso aberasgarria da niretzat. Gaur egun, familia handi bateko kide sentitzen naiz eta oso gustura nago bertan. Taldean egin ditudan sei urte hauek ez nituzke ezergatik aldatuko, mundialak izan dira.

Baxua eta koroak egiten dituzu. Beste instrumenturen bat jotzera animatuko al zinake inoiz? 

Horrekin nahikoa dut oraingoz. Hala ere, taldekideak nitaz fidatu dira eta oraingoan, zuzenekoetan, sinteekin eta teklatuarekin ekarpen txiki bat egiteko aukera eman didate. Bateria jotzea ere gustatuko litzaidake, beraz hemendik mezu bat bidaltzen diot gure bateria-jotzaileari: Haritz, mesedez, utzidazu bateria zertxobait bada ere jotzen!