Hazilan programan izena emateko epea ireki dute

Uztarria.eus 2016ko api. 7a, 19:59

2016-2020 aldian gazteentzako 5.000 enplegu sortzeko helburua duen laneratze-prozesua da. Eskualdeetako garapen agentziek kudeatuko dute eta Urola Erdian urtean 15 eta 20 gazte artean laneratzea du helburu Iraurgi Berritzenek.

Otsailean aurkeztu zuten Hazilan programa (hemen, Iraurgi Berritzenek eman zuen albistea), Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea), Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean, sortutako gazteentzako laneratze-proiektua. Eskualdeetako garapen agentziak hasi dira proiektua garatzen eta, horrela, izena emateko epea ireki dute.

2016-2020 aldian gazteentzako 5.000 enplegu sortzeko helburuarekin sortu dute Hazilan; sortutako enpleguen %55, gainera, emakumeentzat izatea nahi dute. Urola Erdia eskualdearen kasuan, Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentzia izango da programa hori kudeatzeaz arduratuko dena; urtean 15 eta 20 gazte artean laneratzea da jarri duten helburua.

Parte hartu nahi duten gazteek eman beharreko lehen pausoa izena ematea da; horretarako, esteka honetan sartu behar dira: www.hazilan.eus/inscriptions/inscription. Ondoren, 24 orduko epean, Iraurgi Berritzen izena eman dutenekin kontaktuan jarriko da, programan parte har dezaten