Gonbidatuz inguratuta ospatu du Altuna y Uriak 50. urteurrena

Uztarria.eus 2016ko api. 6a, 21:05

Altuna y Uria Azpeitiko enpresak 50 urte bete ditu eta gaur, asteazkena, egin dute mende erdiaren ospakizun ekitaldia. 16:00etan zuten jarria hitzordua Sanagustinen eta kulturgunea gonbidatuz bete da. Denera 200 gonbidatu zituzten deituta eta, enpresako zuzendaritzaren, Uria sendiaren eta langileen ondoan, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabalak hartu du parte ekitaldian.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea; Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko lehendakaria; Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Arantxa Tapia eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzaren sailburuak; Jabier Larrañaga eta Denis Itxaso diputatuak; Andoni Ortuzar (EAJ); Julen Arzuaga, Xabier Olano eta Pello Urizar (EH Bildu); Jose Antonio Pastor eta Iñaki Arriola (PSE-EE); eta Borja Semper eta Maria Pilar Elias (PP) egon dira, besteak beste, gaur arratsaldean Sanagustinen.

Inaxio Uria gogoan

Ekitaldian, gonbidatuen artean Eneko Etxeberria, Euskadiko Familia Enpresen elkarteko presidente Javier Ormazabal, Markel Olano eta Iñigo Urkullu izan dira hitza hartu dutenak. Altuna y Uriako kideak zoriontzeaz eta egiten duten lanaren garrantzia azpimarratzeaz gain, hizlari guztiek ekarri dute gogora Inaxio Uria, 2008an ETAk hil zuen enpresako zuzendarietakoa. Haren alaba eta egungo administrazio kontseiluko lehendakari den Maria Uriak ere gogoratu du, nola ez, ekitaldi amaierako hitzaldian. Diskurtsoen tartean, Altuna y Uriaren ibilbidea Miren Uriaren hitzetan laburbiltzen duen bideo bat eman dute, eta enpresan 40 urtez lanean aritutako hiru langile ere igo dira oholtzara, errekonozimendua jasotzera.

Bilkuraren alderdi instituzionalena bukatu ondoren, anfitrioiek eta gonbidatuek Sanagustinen jarraitu dute ospakizuna, mokadutxo baten bueltan.