Denboraldiko azken filma eskainiko du bihar Paradisu Zinemak

Uztarria.eus 2016ko api. 6a, 15:35

Paradisu Zinema Zineklubak denboraldiko azken filma eskainiko du bihar, osteguna, Soreasu antzokian. Urrian itzuliko dira bi astetik behin ostegunetan egin ohi dituzten zine emanaldiekin. Nola nahi ere, maiatzetik urrira bitartean eskaintzeko hainbat film dituztela azaldu dute eta horien berri emango dutela data gerturatzen joan ahala. 

The Lobster filma eskainiko dute bihar, 21:00etan hasita. Drama eta umorea uztartzen dituen filma da, 2015ean Grezian ekoiztutakoa. Filmean, oso ohikoa ez den maitasun istorio bat kontatzen da. Fikziozko mundu batean, bikotekiderik ez duten guztiak atxilotu egiten dituzte eta 45 egunean bikotekide bat aurkitzera behartuta dauden leku batera bidaltzen dituzte. Hala ere, pelikularen gai nagusia bakardadea da: bakardadean bizitzeko beldurra, bakarrik hiltzeari beldurra, baina era berean, bizitza norbaitekin konpartitzeari beldurra.