Ostiralean, apirilak 8, Plazatarrak egitasmoa jarriko dute martxan Udaleko Gazteria Sailaren ekimenez, Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekek eta Urrestillako haur zerbitzuak. Proiektuaren xedea da "herriko plaza eta kaleak haurren berezko jolastoki moduan berreskuratzea eta umeak kalean jolastera animatzea", ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez.
"Gaur egungo gazteei kalean, modu kolektiboan, jolasteko espazioak eta baliabideak eskaintzea da helburu", adierazi du Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziak. Hortaz gain, baina, ekimenak badu beste helburu bat ere: "Ekimen hau ez da haurrentzat bakarrik. Haur eta gurasoek elkarrekin pasatzeko, elkarrekin gozatzeko eta elkarrekin bizitzeko esperientzia bat ere bada. Geroz eta denbora gutxiago dugun gizarte honetan, uste dugu garrantzitsua dela horrelako ekimenak antolatzea”, gaineratu du Larrañagak. Horretarako, herriko ludotekako kideak kalera irtengo dira hileko ostiral arratsalde batean ekintza ezberdinak egitera.
Lehenengo Plazatarrak saioa bihar, ostirala, egingo dute, 17:30etatik 19:30etara bitartean, plazan. Bertan, jolas kooperatibo ezberdinak landuko dituzte eta H.H 5 eta L.H 6 bitarteko haurrei eta horien gurasoei zuzendutako ekintza izango da. Eguraldi txarra egingo balu, Izarraitz pilotalekuan egingo dituzte jolasak.
Maiatzean, munduko jolas ezberdinak landuko dituzte Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan eta ekainean, aldiz, Urrestillara mugituko dira. Egingo dituzten ekintzen, lekuaren eta egunaren berri emango dute data gerturatzen joan ahala. Antolatzaileek azaldu dutenez, haur eta gurasoak ekintza horietan parte hartzera gonbidatzen dituzte.