Atzera bota dute Pasaiako segadaren kasua artxibatzearen aurkako helegitea

Uztarria.eus 2016ko api. 5a, 16:00

Orain, kasua Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak aztertu beharko du, apelazioa onartzen duen edo ez erabakitzeko. 

Atzera bota du Pasaiako segadaren kasua artxibatzearen kontra aurkeztutako helegitea Donostiako 2. Instrukzioko epaitegiak. Orain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak aztertu beharko du kasua, apelazioa onartzen duen edo ez erabakitzeko. 

Joan den otsailean Pasaiako segadan hildakoen senideek kasua artxibatzearen kontra agerraldia egin zuen. "Justizia eta erreparazioa lortu arte" etsiko ez zutela adierazi zuten orduan eta epaitegietako bidea "azkeneraino" eramateko asmoa zutela adierazi zuten. Modu horretan, helegitea behin betiko atzera botako balute, Espainiako Auzitegi Gorenera edo Europara jotzeko asmoa dutela jakinarazi zuten.

Pasaiako segada 1984ko martxoaren 22an izan zen, goizaldean. Espainiako Poliziak operazioa egin zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako talde baten kontra. Horren ondorioz, Rafael Delas, Pedro Mari Isart Pelitxo, Dionisio Aizpuru Kurro eta Jose Mari Izura hil egin zituzten poliziek.