Iker Bueno: "Urte guztian egindako lanaren eta esfortzuaren saria da hau"

Uztarria.eus 2016ko api. 5a, 12:36
Iker Bueno, Sammic ISBko entrenatzailea (ISB).

Igandean Marin Ence Peixegalegoren aurka 65 eta 61 irabazi ostean, Sammic ISB matematikoki bigarren sailkatu da ligan. Horrenbestez, play offetarako lehen sailkatua da. Horren harira, Iker Bueno Sammic ISBeko entrenatzailearekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Zer suposatzen du lortutakoak taldearentzat?

Taldearentzat urte guztian zehar eginiko lanaren eta esfortzuaren saria da. Egunak joan egunak etorri lanean aritu gara, talde bezala hobetzea helburu. Egindako lan horrek guztiak, merezitako emaitzak ekarri dizkio taldeari azkenean. Jokalariek meritu handia dute. Orain Urrezko Ligara igotzeko "kanpo faktorea" alde izango dugu, beraz, partida gehiago jokatuko ditugu eta gure zaletuen aurrean aritzeko aukera izango dugu. Lanean jarraitu behar dugu ilusioz eta gogoz.

Zein dira mailaz igotzeko eman behar dituzuen pausoak?

Oraindik urruti dagoen gauza da hori. Lehendabizi fase erregularra amaitu behar dugu, datorren larunbatean Zaragozan Olivar taldearen aurka. Ondoren Play offak hasiko dira. Lehen fasean bi partida irabazi behar dira hurrengo fasera pasatzeko. Final aurrekoetan eta finalean, berriz, hiru garaipen behar dira mailaz igotzeko. Beraz, argi dut  ezin garela hasi final laurdenetatik harago begira. Izan ere, hiru pauso eman behar ditugu hori lortzeko, eta ezin dugu hurrengo bietan pentsatu lehenengoa eman aurretik.

Noiz jokatuko dituzue Play offak?

Final Laurdenak etxean hasiko ditugu apirilaren 13an, asteazkena, asteburuan kanpoan jolasteko. Hirugarren partida behar izanez gero, asteartean azpeitian izango litzateke. Final aurrekoak apirilaren 22an, 24an, 29an eta maiatzaren 1ean eta 3an izango dira. Finala, aldiz, maiatzean zehar jokatuko da.

Nola ikusten duzu taldea?

Taldea gogotsu ikusten dut egindako lanari jarraipena emateko eta partida bakoitza borrokatzeko. Ez dugu aurkari errazik izango eta azaltzen zaizkigun arazoei aurre egiteko prestatuak egon behar dugu. Aste eta erdi dugu horretarako, tartean partida batekin, eta entrenatzen jarraitu behar dugu ahalik eta ondoen aritzeko. 

Denboraldiaren nolako balorazioa egiten duzu?

Orain artekoa ongi joan da, gora behera batzuk izan arren. Hala ere oraindik ez da denboraldia amaitu. Balorazioak denboraldia amaitutakoan egin beharreko eginkizunak direla uste dut, patxadaz eta prespektibaz hartu beharrekoak, gaizki eginikoak hobetu eta ongi eginikoak mantenduz.