Loiolako iturrian landareak izango dira aurrerantzean ura eta baliabideak aurrezteko

Uztarria.eus 2016ko mar. 31a, 12:07
Loiolako iturri zaharra landareekin. Atzean, iturri berria. (Azpeitiko Udala).

Loiolako lorategiko iturriaren ur emaria moztea erabaki du Udalak, ur emaria eta kontsumoaren gastuak aztertu ostean. Iturri zaharraren ondoan beste iturri bat jarri dute eta horrek emango du ura aurrerantzean.

Badira aste batzuk Loiolako lorategiko iturrian uraren ordez landareak daudela, eta halaxe izango da aurrerantzean ere. Hala erabaki du Azpeitiko Udalak ur emaria eta ur kontsumoaren gastuak aztertu ostean. Josu Labaka zinegotziaren hitzetan, "baliabide naturalen kontsumo arduratsua egitea ere bada halako neurriak hartzea". Bestalde, ur emari etengabea izan gabe iturria jartzeko aukera ere aztertu dutela azaldu du Labakak. Kasu horretan, baina, iturri osoa hautsi behar zela adierazi du zinegotziak, eta horregatik "baztertu" dute aukera hori. 

Udalaren kalkuluen arabera, Loiolako lorategiko iturri zaharrak urtean 2.500 metro kubiko ur gastatzen zituen, eta 1.500 euro inguruko gastua zuen. Orain, beste iturri bat jarri dute iturri zaharraren ondoan eta Udalaren arabera, iturri horren kontsumoa 300 eta 400 metro kubiko ur ingurukoa izango da, eta 120 euro inguruko gastua izango du urtean.