'Zuk ere ahal duzu' egitasmoa urte osora luzatuko dute aurten

Uztarria.eus 2016ko mar. 30a, 20:29
2016ko 'Zuk ere ahal duzu' egitasmoko parte-hartzaileetako batzuk, igerileku atarian. (AZPEITIKO UDALA)

Urtarrilean hasi zen aurten ere Udalak emakumeak korrika egitera animatzeko antolatzen duen programa eta, martxo hasieran amaitzekoa bazen ere, parte-hartzaileek hala eskatuta jarraitzea erabaki dute. "Momentuz" arratsaldeko taldea da aurrera jarraituko duena; goizerako talderik ez da osatu, baina izena emateko aukera zabalik dago.

Zuk ere ahal duzu, emakumeak lasterka egitera animatzeko Udalak urtero abian jartzen duen egitasmoa, urte osora luzatuko dute aurten. Berez, urtarriletik martxora egitekoa zen aurtengo edizioa, baina "parte-hartzaileek jarraitzeko duten gogoa ikusita eta beraiek horrela eskatu dutelako, luzatu egingo da", Udalak jakinarazi duenez.

Orain arte bi taldetan banatuta egin dituzte saioak, talde batek goizez eta besteak arratsaldez. Hemendik aurrera, "momentuz", arratsaldeko taldea da aurrera egingo duena. Astearte eta ostegunetan, 18:15etik 19:30era egingo dituzte saioak, begiraleak lagunduta; igerilekutik abiatu eta igerilekuan bukatzen dituzte saioak.

Goizetarako, aldiz, ez da talderik osatu oraindik. Hala ere, gutxieneko parte-hartzaile kopurura iritsiz gero, talde hori ere mantentzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek, eta izena emateko epea irekita dagoela jakinarazi dute. Goizetako taldea osatzen badute, hori bai, saioak orain arte egindakoaren jarraipena izango lirateke, ez zerotik haste bat; "baina korrika pixka bat aritzen direnek jarraitzeko moduko erritmoa" izango dute.

Informazio gehiago edota zalantzak argitu nahi dituenak, igerilekuan edo Udaleko Kirol sailean galdetu dezake.