Mahastien atzean

Uztarria.eus 2016ko mar. 22a, 18:33
Iker eta Jose Manuel Eizmendi, Getarian duten txakolindegiaren atarian.

Uztarria herri aldizkariaren martxoko zenbakia Uztarria.eus-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 181. zenbaki horretan Jose Manuel eta Iker Eizmendi aita-seme txakolingileekin osatutako erreportajea ekarri dugu hona.

Jose Manuel Eizmendik (Getaria, 1957) badu mutil-koskorra zeneko Getariko oroitzapenik: "Orduan ez zegoen ez makinarik, ez etiketarik, baina jada txakolina egiten zen hemen. Belaunaldiz belaunaldi egin izan da". 1960ko hamarkadan hasi zen Eizmendi Getariko Akerregi Txiki baserriko mahastiak lantzen. Orain Azpeitian bizi da, eta Getariko txakolindegia du ogibide. Berrogei urteren bueltan, txakolinaren aldeko apustu sendoa egin du. Ez, ordea, bidean besterik probatu gabe: ukuilua jarri zuen martxan lehendabizi, Lasalde baserrikoak, bere bizilagunak, bazkide zituela. Ordutik dira sozioak bi familiak. 1997an, Getariko Jatorrizko Deitura sortu eta urte gutxira, txakolinaren negozioan inbertitu eta, pixkanaka, urtean gero eta mahasti hektarea gehiago lantzea erabaki zuten. Azkenean, ganadua guztiz kendu, eta bi familiak txakolinetik bizi dira: bi mahasti hektarea landu eta 8-10 mila txakolin botila ekoiztetik, ia 16 hektarea landu eta 170 mila botila produzitzera igaro dira. Jatorrizko deitura duten bi marka dituzte merkatuan gaur egun: Akarregi txiki eta Lasalde txakolin berezia.

Eta badirudi bizibideak hurrengo belaunaldian ere jarraituko duela: aitaren ogibidea "oso gustuko" zuela eta, Jose Manuelen seme Ikerrek (Azpeitia, 1994) mahasti eta ardogintzako ikasketak eta praktikak egin zituen Logroñon (Espainia). Bi urteko goi mailako moduluan asko ikasi zuela dio: "Eskolan bodega genuen; ardoa, sagardoa eta xanpaina egiten genituen". Momentuz, argi du aitaren ogibidearekin eta negozioarekin jarraitzeko bokazioa, eta batera ari dira lanean. Aita ere "pozik" dago semea lantokian edukita.

Turisten aldeko apustua

Gero eta gehiago dira txakolina ekoizten duten upategiak. Negozioa "masifikatu" egin da, aitaren ustez: "Lehen Getaria eta Zarautz artean zegoen lehia Gipuzkoa guztira zabaldu da orain. 17 mahasti zeuden lehen probintzian, orain 31 dira, eta beste bik laster irekiko dituzte ateak. Duela zazpi bat urtera arte ez zegoen arazorik, baina Gipuzkoan soilik 33 upelategi asko dira txakolina saldu ahal izateko". Egoera horren aurrean irtenbidea bilatzen saiatu da: produktua esportatu nahi du, kanpora irtetea "beharrezkoa" delakoan.

Hori dela eta, goitik behera aldatu dute txakolindegiaren itxura: lehengo mahai handiak eta xiria kendu, eta estilo berritzaileagoa eman diote. Batez ere, turistak erakartzeko egindako apustua da, aita-semeek azaltzen dutenez: "Zerbait desberdina egin nahi dugu, horregatik hasi gara bisita gidatuak egiten, itzultzaile eta guzti. Ez daude era honetako bodega asko Getarian, ideia berritzailea da. Aurten probatuko dugu lehenengo aldiz, eta ez dakigu funtzionatuko duen ala ez, baina ilusioa da galtzen den azkena, ezta?". Lehenengo bisita gidatuak beraiek antolatu bazituzten ere, orain salmenta prozesua hornitzaile baten esku uztea erabaki dute: "Guk mahastietan lan asko daukagu egiteko, eta marketinak denbora asko eskatzen du".

Ez da lan erraza, Eizmenditarren ustez, atzerrian produktua saltzea. Alde batetik, burokraziagatik: "Venezuelaren eta Espainiaren arteko harremanak ez direnez oso onak, agiri pila bat eskatzen dute han, adibidez". Baina behin traba hori gaindituta ere, atzerrian tokia egitea zaila dela uste dute: "Produktua haraino eramanda ere, hura saldu eta hurrengo urtean berriz eskatzea lortu behar da". Hala ere, euren txakolina jada iritsi da Amerikara eta, batez ere, Japoniara.

"Orokorrean, turistek entzun izan dute zerbait txakolinari buruz; hala ere, asko gustatzen zaie euren begiekin ikustea, eta zerbait berria dastatzea". Hala uste du Jose Manuel Eizmendik. Izan ere, bisita gidatuetan txakolinaren ekoizpenaren prozesu osoa azaltzen zaie bisitariei, "mahastietatik hasi eta produkzioraino". Lan hori hornitzaileen esku utzi badute ere, Iker Eizmendi eta beste bazkideek ere jarraitzen dute esku bat botatzen.

Hau ez da fabrika

Ofizio "berezia" da, Jose Manuel Eizmendiren ustez, ardogilearena: "Txakolindegiko lana ez da generoa ekoiztea soilik. Lan hirukoitza da: produzitu, elaboratu eta saldu egin behar da". Lanbide "konplikatua" dela uste du Lander Garrastazu (Getaria, 1977) txakolindegiko langile eta bazkideak ere: "Hau ez da fabrika bat: 'Horrenbeste pieza egingo ditut eta kito'. Guk gora begira egon behar dugu". Izan ere, eguraldiak asko baldintzatzen du mahatsaren produkzioa. Azken bi urteetan mahatsaren denboraldia ona izan da, Garrastazuren iritziz: ez dute "beldurrik" izan, negu ona egin duelako. Baina gogoan du orain dela hiru urte uztaren %50 ere ez zela jaso. "Txarrena da gastuak berdin-berdinak izaten direla uzta ona ala txarra izan. Jatorrizko deituraren alde txarretako bat hori da: bertako uzta erabili behar denez, ez daukazun urtean izorratu egin behar, ezin duzulako kanpotik ekarri mahatsa. Gainera, txakolingile batek asko duenean, albokoak ere asko izango du. Orduan, saltzeko zailtasunak. Eta gutxi dagoenean, denok harrapatzen gaitu denboraldiak, eta denok iritsi ezinda. Jendeak txakolina eskatu, eta guk eduki ez".

Mahats biltzeko garaia eguraldiaren araberakoa bada ere, aurten, normalean bezala, urrian jaso dute uzta. Ondoren, hilabete bateko atsedenaldia egin ohi dute, berriz ere lanari ekin aurretik. Orain ere ari dira adarrak mozten 16 hektareatako mahastietan zehar. Eta hori da, Garrastazuren ustez, lanik zailena: "Batez ere, eguraldi txarra egiten duenean; lau hilabetez jarraian jarduten dugulako, egunean zortzi orduz, moztu eta moztu". Aste Santurako adarrak kimatzen amaitzea espero du aurten, negu ona egin badu ere, gehiegi fidatu gabe: "Aurten eguraldi ederra egin badu ere, ikusteko dago oraindik zer etorriko den. Azken finean, hobeto da neguan negua egitea, eta udaberrian udaberria".