Apirilaren 3an izango da XXXIX. Udaberriko Argazki Rallya

Uztarria.eus 2016ko mar. 22a, 11:35
Iazko Udaberri Rallyko argazki bilduma irabazleko irudi bat.

Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) egoitzan egin beharko da 09:00etatik 09:30era bitartean. Kamera digitala eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte lehiaketan. Sari banaketa ekitaldia eta argazkien emanaldia apirilaren 30ean izango da, Burdinbidearen Euskal Museoan, 18:00etan hasita.

Azpeitiko Argazki Elkarteak XXXIX. Udaberriko Argazki Rallya antolatu du apirilaren 3rako. Urtero gisan, rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte antolatzaileek.

Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, Telefonicaren egoitza zaharrean) egin beharko dute parte hartu nahi dutenek, 09:00etatik 09:30era bitartean, eta leku berean hustuko dituzte txartelak, 13:00etatik 14:00etara. 16 urtetik gorakoek hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea; adin horretatik beherakoentzat, aldiz, doakoa da izen-ematea. 

Parte-hartzaile bakoitzak, hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du eta bertan bildutako argazkiak 13:00etatik 14:00etara, AAEren egoitzan bertan deskargatuko dituzte. Txarteletan gehienez 36 irudi eduki beharko dira eta horiek ezingo dira manipulatu. Hau da, ordenagailuaren erabilera debekatuta dago. Aterako diren argazkiak erresoluzio onenean aterako dira, JPG formatuan eta berezkotasuna, sormena eta teknika izango dira kontuan puntuak ematerako orduan. 

Partaideek, gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta apirilaren 10a baino lehen argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte, partaidearen zenbakia eta argazkiaren zenbakia adieraziz. 

Sariak eta sari banaketa 

Argazki elkartekoek guztira 420 euro banatuko dituzte diru-saritan. Sari nagusien artean, irabazleak 150 poltsikoratuko ditu, bigarrenak 120 euro, eta 90 euro hirugarrenak. Herrikoa ez den lehen sarituak 60 euro eskuratuko ditu. 16 urte azpiko hiru sarituei, aldiz, garaikurra emango diote.

Sari banaketa ekitaldia apirilaren 30ean izango da, 18:00etan Burdinbidearen Euskal Museoan. Bertan, sari banaketaz gain, parte hartzaile guztien irudiak ere eskainiko dituzte. Argazki sarituak antolatzaileen esku geldituko dira eta egokia irudituz gero, erabiltzeko eskubidea izango dute egilearen izena aipatuz. 

Udaberriko Argazki Rallyan parte hartzen duten guztiek Herriz Herri Txapelketarako puntuak lortuko dituzte.