Festa betea Loiolan, sanjosetako egun handian

Uztarria.eus 2016ko mar. 20a, 17:29

Jendetza ibili da gaur goiz eta eguerdi partean Loiolako basilikaren atarian, eguraldi goxoak lagunduta, aurtengo San Jose festetako egun nagusirako loiolatarrek prestatu dituztenetaz gozatzen. Txikienentzako puzgarriak, koskorragoentzat zezen txikiak eta poniak, antzerkia eta, nola ez, asto karrera izan dira egitarauaren osagarriak.

Bost partaide izan ditu gaurkoan asto lasterketak eta, lehia estuaren ondotik, Aitor Segurola Artañola eta Tyson izan dira azkarrenak. Aitzol Arregi eta Lia sailkatu dira bigarren tokian, Aitor Agirrezabal eta Raikonen hirugarren, Inixio Arregi eta Julita laugarren, eta Unai Agirrezabala eta Rita Barbera bosgarren.

Loiolako Festa Batzordeak txosna ere jarri du aurten basilikaren atarian. Ez dute bezerorik falta izan igande eguerdikoan, eta arratsaldean ere izango dute lana, 17:30ean hasiko den herri kirol erakustaldiarekin.