Lau familiak elkartuta, Pasaiako segada gogoratzeko ekitaldian

Uztarria.eus 2016ko mar. 19a, 21:43

Pasaiako segadaren 32. urteurreneko ekitaldia gaur, zapatua, iluntzean egin dute; euri zaparradak tarteko, plazatik Frontoi Txikira eraman dute. 32 urte eta gero, 1984ko martxoaren 22an poliziak Pasaian hil zituen lauren familiek bat egin dute Azpeitian urteurreneko ekitaldi batean. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren senideekin batera, Frontoi Txikian izan dira Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruindarren familiartekoak ere. Kurroren amak ere, Maria Pilar Arbelaitzek, lehen aldiz hartu du parte.

Lau familietako ordezkariak igo dira oholtzara, frontoian zeudenen elkartasuna jasotzeko eta hitza hartzeko, senideak gogoratuz eta haien heriotzak argitzeko enegarren aldiz eskatuz. Herriko musikari eta kantari gazteen saioekin tartekatuta, Pasaiako badia dokumentala izango denaren zertzelada batzuk ere bota dituzte pantaila handian. Xabier Otamendi eta Yuri Agirre egileek ere hartu dute hitza ekitaldian, beren proiektua aurkezteko.