Otamendi eta Agirre: "Dokumentalaren helburua da Pasaian gertatutakoak ezagutzen ez dituen jendearengana iristea"

Uztarria.eus 2016ko mar. 18a, 12:45
Pasaiako segadan hildakoen senideak, On produkzioko kideak eta dokumentalaren egileak, atzo Pasaian egin zuten aurkezpenean

Atzo aurkeztu zuten Pasaiako badia dokumentala Xabier Otamendi eta Yuri Agirrek. Urtebeteko ikerketa lanaren ondoren, maiatzean hasiko dira grabaketa lanekin. Bihar, Pasaiako segadaren 32. urteurrenaren ekitaldian, dokumentaleko irudi batzuk emango dituzte. Otamendi eta Agirrerekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Nola otu zitzaituen dokumentala egitea?

Xabier Otamendi: Yuriren ideia izan zen. Beti komentatu izan dugu ideia interesgarria dela, gertakizuna bera oso esanguratsua delako. Jendeak gertakizunen inguruan gauza gutxi dakizkiela konturatu gara, eta herritarren artean interesa badagoela usten dugu. Izan ere, auzitan dago estatu krimena izan ote zen edo ez. 

Yuri Agirre: Gaia larria bezain interesgarria da. Horren inguruko ikus-entzunezko txukun bat egitea ideia ona zela iruditu zitzaigun; gertakizunaren larritasuna gizarteratzeko, duen seriotasun guztiarekin. Migel Castels auzian Azpeitiko Udalaren abokatua denaren hitzetan, "Franco hil ondorengo estatu krimenik larriena izan zen Pasaian gertatutakoa". Horregatik, ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu. 

Nola hartu zuten Pasaiako segadan hildakoen senideek dokumentala egitea? 

X.O.: Oso ondo hartu zuten ideia. Beraien mina ere erakutsi nahi dugu dokumentalean, eta orain arte oso harreman ona izan dugu beraiekin.

Y.A.: Senideek azaldu ziguten beraiek ere pentsatu izan zutela dokumentala egitea. Beraz, pozez hartu zuten gure proposamena. Norbaiten ondoan egon behar badugu, senideen ondoan egon behar dugu. Hala ere, azpimarratu nahi dugu, gertatutakoa ikuspegi zabal batetik kontatuko dugula.

Zeinen adierazpenak bilduko dituzue dokumentalean?

X.O.: Dokumentala bi fasetan grabatuko dugu, eta grabaketa gehienak maiatzean egingo ditugu. Elkarrizketatuen zerrenda luzea da. Testiguekin, senideekin eta abokatuekin egon gara, besteak beste. Elkarrizketatuekin harreman zuzena izatea garrantzitsua dela ikusten genuen, gaia delikatua delako eta jendeak lasaiago hitz egiten duelako behin konfiantza izandakoan. 

Y.A.: Hamabost elkarrizketaturen adierazpenak bilduko ditu dokumentalak, gutxi gorabehera. Orain dela urtebete hasi ginen dokumentalaren ideia zehazten, eta dagoeneko jende askorekin bildu gara. Esan bezala, senideekin, abokatuekin nahiz testiguekin izan gara harremanetan. Azken fasean, memoriaren eta egiaren hausnarketa egingo duten adituekin ere egongo gara, baita garai hartako arduradun politikoekin ere. Hala ere, dokumentala erakargarria izatea nahi dugu, eta edukia mugatu beharko dugu oso astuna izan ez dadin. 

Zein dira zuen asmoak produktuaren hedapenari dagokionean?

X.O.: Euskal Herriko zinemetan nahiz nazioartekoetan zabaldu nahi dugu. Hitz potoloak dira, baina hemen gertatutakoa Euskal Herritik kanpora ere kontatu nahi dugu. DVDak ateratzeko asmoa dugu, eta telebista formatura ere eraman nahi dugu. Azpitituluak ere jarri nahiko genizkioke, gaztelaniaz, ingelesez zein katalanez. Dokumentalak ahalik eta hedapen handiena izatea nahi dugu. 

Y.A.: Gaiak duen interesa ikusita, ahalik eta gehien zabaldu behar da, eta horregatik joko ditugu ahalik eta ate gehien. Gertaerak ezagutzen ez dituen jendearena iristea da helburua. 

Zer baliabide dituzue dokumentala osatzeko?

Y.A.: Iban Toledok, On produkzioakeko kideak, interesa azaldu zuen gure proiektuarekiko, eta hark asko lagunduko digu. Soinu teknikari batekin ere hitz egin dugu, eta postprodukzioa ia lotuta dugu. Esperientzia falta zaigu eta horregatik da garrantzitsua esperientzia dutenen laguntza. 

X.O.: Behin produktua egiten hasita, ondo egin behar dugu. Diru-laguntzak ere beharko ditugu, eta egin ditugu eskaerak dagoeneko. Udazkenera begira crowfoundinga ere egingo dugu. 

Nolako esperientzia izaten ari da?

X.O.: Benetan aberasgarria ari da izaten. Asko ari gara ikasten, elkarrengandik nahiz elkarrizketatuengandik. 80ko hamarkadara itzultzea bezala izan da. 

Y.A.: Asko ikasi dugu, eta hori hasi bakarrik egin garela. 

Martxoaren 22an Pasaiako segadaren 32. urteurrena da. Horren harira, bihar 32. urteurrenaren ekitaldia izango da, eta dokumentalaren aurrerapena eskainiko duzue bertan.

Y.A: Bai, hala da. Artxiboko irudiak-eta erakutsiko ditugu bihar. Dena den, gogorrenak diren irudiak ez ditugu erakutsiko. 

X.O: Bihar eskainiko ditugun irudiak Azpeitira ekarritakoak dira. Guztira, bizpahiru minutuko bideo laburra izango da biharkoa.