Altxorrik preziatuena: euskara

Imanol Agirre, Joan Amenabar eta Laxaro Azkune 2016ko mar. 15a, 17:40

Azpeitiarrok ere, txipa aldatuko bagenu, herri hau askoz euskaldunagoa izango litzateke. Gurean, euskarak, altxor preziatu bat izan behar luke, baina ez gordetzeko, erabiltzeko eta aberasteko baizik. Izan gaitezen konstanteak horretan.

Donostiako Egia auzoan 'Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako' egitasmoa jarri zuten martxan joan den urtarrilean, eta larunbatean martxoak 12 amaitu zen. Astebetez euskara hutsean bizitzen saiatu dira berrehun lagunetik gora, 23 eragileren laguntzarekin.

Izan ere, Euskal Herriko herri gehienetan ez da erraza aste osoan euskaraz bakarrik hitz egitea. Iparraldean frantsesa eta Hegoaldean gaztelania direlako nagusi bizitzako arlo guztietan. Nahi ez izan arren, inguruak, ohiturek eta bitarteko urriek, euskara jakin arren, ia bizitza osoa erdaraz egitera behartzen gaituzte.

Egitasmo honetan parte hartu dutenek esperientzia positiboa izan dela diote, baina gogorra. Batzuek terapia moduko bat izan dela diote, erretzeari uztea modukoa. Beste batzuk konturatu dira uste baino gehiago egiten zutela erdaraz. Txipa aldatu beharra ikusi dute gehienek, zailena beti erdaraz egin duzun horrekin (nahiz eta berak euskaraz jakin) euskaraz egitea dela, dio beste batek. Aitziber Gurutzeaga Egia Euskarazeko kideak dio: "Tematu egin behar da eta konstantea izan".

Hau irakurri duena azpeitiarra bada, ziurrenik, gurea ez den arazo batez ari garela pentsatuko du, baina hemen ere ez legoke gaizki antzeko zerbait egitea. Nola, ordea, guk dugun euskaldun famarekin? Zertarako? Igual erdaldunek egin behar dute hori, edo etorkinek, baina guk? Zertarako daude ba ikastolak eta euskaltegiak? Hala esan ohi da.

Baina hemen ere ez legoke gaizki antzeko zerbait egitea. Gure ardurak besteei botatzen trebeak gara, gure euskal kontzientzia lasaitzearren ingurukoei bota ohi diegu errua, baina hemen ere ez legoke gaizki kera bat egin, hausnarketa egin eta momentu batez pentsatzen jartzea: goizetan zein egunkari irakurtzen dut? Lantokian, etxepeko arrandegian, tabernako zerbitzariarekin, zein hizkuntzatan egiten dut? Anbulatorioko sendagile edo epaitegiko funtzionario euskaldun berriari, zein hizkuntzatan hitz egiten diot. Edo (azkenengo moda) kafetegiko lagun artean, koadrilan edo familian, euskaraz ala erdaraz, zein hizkuntzatan ari garen antzematerik ez dagoela ari garenean; hitzaldi, bilera edo batzarretan, norbait erdalduna badago, erdara hutsera zeinen erraz jotzen dugun; erdaldunei (edo euskaraz ikasten ari denari) euskaraz, poliki-poliki eta jarrera egokiz, hitz egiten zeinen gutxi ahalegintzen garen. Euskara ikasten ari direnei eskua luzatu eta mintzapraktiketan lagunduko bagenie, edo etorkinekin kalean eta nonahi, harreman estuagoa bagenu eta lehen hitza beti euskaraz egingo bagenie, euskal ingurua eta giro erosoagoa sortuko genuke. Ze soluzioa ez baita erdaldunak saihestea, berauei euskara hurbiltzea baizik, berauek ere euskarara hurbil daitezen.

Errespetu faltarena maizegi aipatu izan da, askotan aurreiritzi oker bat baino ez dena eta gure erosotasunerako aitzakia. Ez al digute eskatu barkamena behin baino gehiagotan euskara ez jakiteagatik? Bestalde, komeni da jakitea norekin ari garen hizketan. Agian, pertsona horrekiko dugun irudia ez da zuzena, eta txipa aldatu beharko genuke, eta euskaraz egin. Dena dela, esperientzia honetakoek aitortu dute: aurreneko hitza beti euskaraz eta, oso garrantzitsua, beti irribarrea ezpainetan. Ondorioak askoz hobeak dira.

Gurea arnasgune bat da, herri oso euskalduna, ozen esan dezakegu 10.000 biztanletik gorako herrietan munduko herririk euskaldunena garela. Harro gaude gure gurasoengandik jaso dugun ondareaz, belaunalditik belaunaldira egon den transmisioaz; baina egia da, baita ere, zaintzen ez dena galdu egiten dela. Ez dakitenek euskara ikasteko esfortzu handia egin behar dute, baina dakigunon ahalegina ezinbestekoa da ez dakitenek ikasteko.

Azpeitiarrok ere, txipa aldatuko bagenu, herri hau askoz euskaldunagoa izango litzateke. Gurean, euskarak, altxor preziatu bat izan behar luke, baina ez gordetzeko, erabiltzeko eta aberasteko baizik. Izan gaitezen konstanteak horretan.

Artzek zioen bezala: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik".