Ikastolako ikasle ohien eguna antolatu dute apirilaren 9rako

Uztarria.eus 2016ko mar. 14a, 18:10
Belaunaldi ezberdinetako ikasle ohiak elkartu ziren, apirilaren 9rako deialdia egiteko.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak prestatu dute, Azpeitiko ikastolaren 50. urteurreneko egitarauaren barruan. Bazkaria egingo dute eta gauean JO!, Jotakie, Direccion Obligatoria eta Lin Ton Taun taldeekin kontzertua izango da Sanagustinen. Bazkarirako txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko.

Azpeitiko ikastolaren sorrerako 50. urteurrena ospatzen jarraitzen dute Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak. Joan den irailean hasitako egitarauaren hurrengo hitzordua apirilaren 9an izango dute, ikastolako ikasle ohien egunarekin; ikastolako komunitate ohia ere gonbidatu nahi dute antolatzaileek egun hori ospatzera.

Urteurrenaren aurkezpenean egun horretarako iragarri zuten kontzertu bereziari ikasle eta ikastolako kide ohiei zuzendutako bazkaria gehitu diote, ikasle ohien eguna borobilduz. Kiruri jatetxean egingo dute apirilaren 9ko bazkaria, 14:30ean hasita. Hara joan nahi dutenek dagoeneko erosi ditzakete txartelak, 25 euroren truke, honako saltokietan:

  • Azpeitian: Ertz eta Berdie tabernetan, Egaña gozotegian, BMko okindegian eta Sanjuandegiko Errotaundi okindegian.
  • Azkoitian: Koxka eta Orbela (Elkargunean) tabernetan.
  • Urrestillan: Lorea tabernan.
  • Zestoan: Txoko Txiki kafetegian.
  • 688689981 telefonora deituta ere eman daiteke izena.

Gauean, berriz, Sanagustin kulturgunean izango dute hitzordua, 22:00etan hasita, JO!, Jotakie, Direccion Obligatoria eta Lin Ton Taun taldeen kontzertu bereziarekin.