Xaputarrak A taldea bigarren postuan, ligako azken jardunaldiaren atarian

Uztarria.eus 2016ko mar. 14a, 14:40

3-1 irabazi zion Xaputarrak A taldeak Gros I taldeari, bigarren postuan sailkatuz. Azken jardunaldia apirilaren 9an jokatuko da, Donostian.

Joan den zapatuan, martxoak 12, Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako hirugarren mailako azken aurreko jardunaldia jokatu zen, Sindikatu Zaharrean. Xaputarrak A taldeak etxean hartu zuen ordura arte lidertzan zegoen Gros I taldea eta emaitza onak lortu zituzten azpeitiarrek, donostiarrei 3 eta 1 nagusituta. Aitor Priyak, Patxi Isasmendik eta Eneko Alberdik euren partidak irabazi zituzten. Aitor Elustondo, aldiz, ezin izan zen nagusitu bere txandan.

Asteburuan lortutako emaitzekin, bigarren sailkatu dira azpeitiarrak, 10 punturekin. Lehenengo postuan Billabona C taldea dago, 10,5 punturekin, eta hirugarrenak, Gros I taldeak, 9 puntu ditu. 

Hurrengo jardunaldia izango da azkena eta apirilaren 9an jokatuko da, Donostian. Xaputarrak A taldea Fortuna B taldearen aurka arituko da orduan. Martxoaren 19tik 26ra bitartean Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketa izango da eta hurrengo asteburuan Euskadiko Bakarkako Xake Txapelketa. Horregatik atzeratu dute azken jardunaldiaren data apirilaren 9ra.