Naiara Perez: "Noraino iristeko gai nintzen jakitea zen nire helburua"

Uztarria.eus 2016ko mar. 14a, 12:37
Naiara Perez.

ETB2ko 'El Conquistador del fin del mundo' saioaren azken edizioan parte hartu du Naiara Perezek (Azpeitia, 1992). Lepoan egindako lesio baten ondorioz utzi behar izan zuen programa azpeitiarrak. Amazonasen bizitako esperientziaz aritu da Uztarria.eus-ekin. 

Zer izan zen programan parte hartzera bultzatu zintuena?

Iaz programa ikusten ari nintzela, lagun bati idatzi nion mugikorretik ea animatuko al ginen hurrengo ediziora. Hasiera batean biok azaldu genuen interesa, baina castingerako data hurbiltzen zihoan heinean atzera egin genuen. Egun batean, ordea, Donostiara joan behar izan nuen gauza batzuk egitera eta han nintzela amak tentatu ninduen: "Hemen zaudela eta, ez al duzu aukera aprobetxatuko? Aurkeztu zaitez probara". Lortu zuen ni konbentzitzea eta han joan nintzen sarrera probetara. Eta eskerrak, esperientzia polita izan baitzen.

Zein helbururekin aurkeztu zinen?

Ez dut sekula programa jarraitu izan. Noiz edo noiz, katez aldatzerakoan-edo jarri izan dut, baina ez dut inoiz hasieratik amaierara jarraitu. Niri asko gustatzen zait kirola, baina ez nintzen irabazteko asmoarekin joan; inolaz ere ez. Nire gorputza zertarako gai den eta noraino iristeko kapazitatea dudan ikusteko aurkeztu nintzen.

Bereziki prestatu al zinen programara joan aurretik?

Ez, batere ez. Triatloiko denboraldiaren bukaera zen, eta udara guztia pasatu nuen Euskal Herriko eta Espainiako lehiaketetan parte hartzen. Iraila iritsi zenerako oso nekatuta nengoen eta ez nuen tarterik hartu bereziki prestatzeko.

Eta bat-batean Amazonasen.

Ez genuen espero. Guztiok uste genuen leku hotz batetara eramango gintuztela. Praka luzeak, txaketa lodiak eta jertseak sartu genituen motxiletan, alferrik. Hegazkinean sartu ginenean ez genekien nora gindoazen. Loiuko aireportuan geundela, familiartekoak agurtu eta txoko batera eraman gintuzten. Orduan Kolonbiara gindoazela esan ziguten. Bogotara iritsi eta hurrengo egunean beste aireportu batera lekualdatu gintuzten. Behin han geundela gutun-azal bat irekiarazi ziguten. 'Leticia' zioen gutun-azalean. Ez genekien zer zen hori, ezta non zegoen ere. Amazonaseko hiriburua zen.

Nolakoa izan zen lehen eguna?

Okerrena eta gogorrena, nabarmen. Lehen gauean banaka-banaka esnatu gintuzten. Gu beldurtu egin ginen. Noski, ez genuen inor ezagutzen eta ezer esan gabe han eraman gintuzten gela batetara. Ez ziguten komunera joaten ere uzten. Erregistratu egin gintuzten, arropa guztia erantzarazi. Gure arropetatik bi bularretako eta pare bat kulero soilik hartzen utzi ziguten. Izugarria zen egiten zuen hezetasuna, intsektu mordoa zebilen, ez genuen apenas urik. Lehenengo eguna oso gogorra izan zen. Gerora, ohitzen joaten zara, baina hasiera batean pentsatzen duzu: 'Nora etorri naiz?'.  

Zer izan da esperientziaren alderik txarrena, eta zein onena?

Ur kantitatea mugatuta edukitzea izan da gehien kostatu zaidana. Ez genuen apenas urik, ia %100eko hezetasuna zegoen eta edozer eginda ere izerdia ateratzen genuen. Taldeko 22 litro ur genituen bi egunetarako, nahiz eta telebistan egun batetarako izango balitz bezala ageri den. Alegia, pertsona bakoitzak eguneko litro bat ur soilik genuen. Janaririk gabe egotea ez zitzaidan zaila egiten, baina urik gabe bai. Alderik onena, aldiz, ezagutu ditudan pertsonak ezagutu izana eta, nola ez, esperientziak irakatsitako guztia.

Zein adjektiborekin deskribatuko zenuke esperientzia?

Izugarria. Besterik ez dago.

Ez zenuen programa utzi proba bat galdu zenuelako, ezta zuk hala erabaki zenuelako ere. Lesionatu egin zinen.

Bai, hala izan zen eta izugarrizko amorrua sentitu nuen. Nire burua noraino iristen zen jakiteko asmoz eta gogoz joan nintzen programara, eta sekula ez zitzaidan burutik pasatu saioa bertan behera uztea. Beste kide bat eta ni jarraitzeko prest geunden, nahiz eta lepokoarekin egon eta medikuak jarraitu ezin genuela esan zigun. Bitartean, gure kide batzuk programa utzi zuten erabaki propioz. Guk penaz hartu genuen saioa uztearen erabakia, baina ez genuen beste irtenbiderik, ez baitziguten jarraitzen uzten. Fuerte geunden, fisikoki nahiz mentalki, horregatik izan zen gogorra aurrera jarraitu ezin genuela ikustea. Ezin izan dut jakin noraino iristeko gai naizen.

Zertan ezberdintzen da telebistan ikusten dena eta berez dena?

Sofatik ikusten dena eta han gertatzen dena oso ezberdina da. Hango bizitza eta probak ez dira telebistan ematen duten bezain errazak. Oso gogorra da, eta ez dago inolako laguntzarik. Ikusleek esan ohi dute  kamera lanetan aritzen direnek lagundu egiten dutela, ura edo janaria emanda, esaterako. Baina inolaz ere ez da horrela. Bestalde, kamerek grabatu nahi dituzten irudiak hartu zain ere egon behar izaten dute parte-hartzaileek.

Behin realityen mundua probatuta, parte hartuko al zenuke beste programaren batean?

Probatzekotan berriz El conquistador del fin del mundora aurkeztuko nintzateke. Pekin Express ere probatuko nuke, kirola eta abentura uztartzen dituelako. Hala ere, halako programa batean aurkezterako orduan faktore asko izan behar dira kontutan; lana, batez ere. Izan ere, edonon ez dizute lanpostua gordetzen, eta gutxiago halako programa batetara aurkeztea bada arrazoia.

Zer esango zenioke inoiz halako programa batetan izena emateko tentatuta egon denari?

Edonor animatzen dut halako esperientzia bat bizitzera, eta, kirola, abentura nahiz adrenalina gustatuz gero, izena ematera bi aldiz pentsatu gabe. Azpeitian, gainera, kirol asko egiten da eta mota guztietakoa. Horregatik, bakoitzak bere burua noraino iristeko gai den ikusteko-eta, aukera ona dela uste dut.