Elkarlanean oinarritutako kultur eredua bultzatzeko hitzarmena

Uztarria.eus 2016ko mar. 11a, 11:26
Ezkerretik eskubira, Mari Jose Bikendi eta Jose Luis Otamendi, Sanagustin Kooperatibako kideak; Josu Labaka eta Ainara LarraƱaga zinegotziak; eta Izaro Zinkunegi, Kultur Mahaiaren teknikaria.

Herrian 2013tik abian den egutegi bateratua sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute 2016rako Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kooperatibak. 140 eta 160 ekitaldi inguruk osatuko dute aurtengo eskaintza eta 260.000 euroko aurrekontua izango dute guztiak aurrera eramateko. Udalak aurrekontuaren %25 jarriko du, 65.000 euro.

Lehendik egiten denari forma emanez, herriko kultur dinamikaren sostengu eta ispilu den egutegi bateratua garatzeko hitzarmena sinatu dute lehen aldiz Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kooperatibak, 2016rako. Udalaren eta herriko talde eta eragileen arteko lankidetzan eta elkarlanean oinarritutako "kulltur politika eta eredu berria martxan dela bada denbora bat", gogoratu zuen hitzarmenaren aurkezpenean Josu Labaka Kultura batzordeburuak. Eragile eta erakundeen arteko elkarlana ardatz duen eredu horrek kultura arloan Azpeitia aberastu egin duela uste du Labakak, "eta aberastasun horrek, hein handi batean, handiago egiten gaituela".

2013tik datorren egitasmoa da egutegi bateratua, "urtean zehar eta eragile guztien artean pixkanaka osatzen den egutegia". Azpeitiko Kultur Mahaiak sorreratik zuen asmoetako bat gauzatu eta garatzen hasi zen, horrenbestez, orain dela hiru urte. "Funtsean, Kultur Mahaiaren helburuetako bat zen herriko kultur egutegi orekatu bat eskaintzea; eta orekatua esaten dugunean, ulertu behar da diziplina edo kultur adierazpenen arteko oreka eta egutegiaren oreka bilatzen zela", zehaztu zuen Izaro Zinkunegi Kultur Mahaiaren teknikariak.

Elkarlanean urrats berri bat eginez, egutegi bateratua "indartu" eta "oinarri sendoago bat eskaini behar geniola ikusten genuen", nabarmendu zuen Labakak, "kultur politika berri horrek eredu berri bat eta funtzionamendu berri bat berekin ekarri dituelako. Jada egiten ari zen lanari edo bideari formalismo puntu bat eman behar zitzaiola, lankidetza hitzarmen baten bidez; bakoitzaren lekua zein den jakinda, baina norabide berdinean lan eginez, horren gainean hobetzen eta lan egiten joan ahal izateko".

Eskaintza orekatua xede

Asmo horrekin gauzatu dute hitzarmena: 140 eta 160 ekitaldi inguruk osatuko dute egutegi bateratuaren aurtengo eskaintza eta 260.000 euroko aurrekontua izango dute guztiak aurrera eramateko. Udalak aurrekontuaren %25 jarriko du, 65.000 euro. Udalaren ekarpena ikusita, "ekonomikoki ere" eredu hau "Udalaren ikuspuntutik oso bideragarria" dela uste du Kultura batzordeburuak. Azpimarragarria iruditzen zaio, alde horretatik, "finantzaketa pribatua ere" kulturan sartu izana, "kultura bera balioan jartzeko ere uste dugu hori oso garrantzitsua dela. Bide hau ez litzatekela posible izango herriko eragileek azkenengo urteetan beraien kabuz lan egiteko eta forma berrietan antolatzeko erakutsi duten gaitasuna erakutsi izan ez balute".

Diru kontuak direla eta, "gardentasuna" nabarmendu nahi izan zuen, bere aldetik, Sanagustin Kooperatibako lehendakari Jose Luis Otamendik. 2013an egutegi bateratua martxan jarri zutenetik, Kultur Mahaiak eta Sanagustinek "euren gestio ekonomikoa garbitasun ahalik eta handienarekin justifikatzen ahalegin handia" egin dutela esan zuen eta "gastu eta faktura guztiak Udalari eskaintzen" dizkiotela, "ez bakarrik Udalaren ekarpenari dagozkionak, baizik eta gastu guztien justifikazioa, uste dugulako hala dagokigula asmo sozial garbia duen kooperatiba eta elkarte garen aldetik. Herritarrek, azken batean, eskuragarri behar dutelako gure kontuen berri izatea".

Hitzarmena sinatu dutenen barruan zein kanpoan, "zuzenean nahiz zeharka", egutegi bateratuan herriko eragile askok parte hartzen dutela nabarmendu zuen, berriz, Izaro Zinkunegik: "Kultur nahiz gizarte esparru gehienetako talde eta eragileak batzen dituen hitzarmen baten aurrean gaude. Bestetik, eta hau dena kontuan hartuta, herri ikuspegi oso bat daukala esango genuke, herriko eskaintza kultural eta sozial guztia islatu nahi duela. Urte osoan elkarlanean jarduteko apustua da, eskaintza orekatu eta orokor bat bideratuz". Oreka horren barruan, eta aurreikusitako eskaintzaren zati handi bat "herriko taldeek osatu, aberastu eta edukiz betetzen duten" Sanagustin kulturgunean garatuko den arren, "beste hainbat espaziok ere munta handiagoa hartzea aurreikusi eta komenigarri jotzen" dutela aipatu zuen Otamendik, Soreasutik hasita, "baina beste espazio batzuen erabilera ere sustatzea bilatzen da, orain arte egin den bidetik baina indar gehiagoz, ahal baldin bada: kalea, auzoak, Gaztetxea, San Martin egoitza, eta abar". 

Bai Zinkunegik eta bai Otamendik kultur eragileen eta Udalaren arteko urteetako lankidetzaren bidean kokatu zuten hitzarmen berria. "Bistan da ez dela gauza berria gaur hona elkartu gaituena. Kultur eredu berri bat mamitzen ari da Azpeitian eta, hain justu, horretxen erakusgarri bat gehiago da hitzarmena", esan zuen Otamendik. Pauso bat gehiago, baina ez azkena: "Koskatxo hau, ordea, ez da bertan goxo egiteko unea, baizik eta lanerako konpromiso bat berresteko unea, jakina. Eta, azken batean, eskerrak ematekoa, honaino iristen lagundu duten guztiei".

EAJren kontrako botoa

Joan den martxoaren 1eko ohiko udalbatzarrean onartu zuen Udalak aste honetan sinatu duten hitzarmena. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten, eta EAJk kontra bozkatu zuen.

"Egitarau bateratuarena oso ideia ona" iruditu arren, jeltzaleak ez daude konforme zenbait irizpiderekin. Batetik, uste dute "Sanagustinek, kultur taldeek eta Udalak osatzen duten triangelu horretan bakoitzaren parametroak ez daudela finkatuta". Rebeka Larrañaga zinegotziaren esanetan, "bakoitzaren mugak" finkatu beharko lirateke. Udaleko Kultura departamenduak "talde batzuk bere lana egitera sartu"  direla sentitzen duela esan zuen Larrañagak, hiruki horretan "koordinazio eta lidergo bat behar" dela eta rol hori Udalari dagokiola: "Udalak diru-laguntza bat eman behar badu, azken hitza ezin du Sanagustinek eduki, eta kultur taldeek ere ez".

Bestetik, finantziazio ereduarekin ere ez daude ados EAJkoak. Haien aburuz, "Sanagustinen autofinantziazio filosofia hori zenbateraino garatzen ari den ez da argi geratzen". Hitzarmena sinatu aurretik gauza horiek hobeto aztertzearen alde azaldu ziren udalbatzarrean.

Josu Labaka Kultura batzordeburuak, aldiz, Udalean "efizienteak" inon izan badira, kultura izan direla berretsi zuen, "aurrekontu beretsua mantenduta, azkenengo urteetan kultur dinamika jauzi handi bat emateko gauza izan delako. Eta horren sekretua, hain zuzen ere, Udalaren baliabideen eta eragileen arteko elkarlana izan da".

Hitzarmenaren aurkezpenean ere egin zion aipamena kontu horri. Sanagustinek jasotzen dituen diru-laguntzak, "beste edozein taldek jasotzen dituenak bezala, publikoak dira, udalean onartuta daude eta edozeinen eskura", nabarmendu zuen. Zentzu horretan, "susmoak" mahai gainean jartzeak "herriko kultur taldeei eta kultur mugimenduari kalte egitea besterik ez" duela lortzen adierazi zuen.