Uholdeen kontrako protokoloa martxan jarri du Udalak

Uztarria.eus 2016ko mar. 10a, 15:16

Euri asko egiten ari da azken egunotan, eta Udalak jakinarazi duenez "alerta laranja egoeran" dago Azpeitia. Egoera ikusita, uholdeen kontrako protokoloa martxan jarri du berriro Azpeitiko Udalak. Ibaien ur maila kontuan izanda, herritarrei "tentuz ibiltzeko" eskatzen die Udalak. Horretarako, gomendio hauek eman dituzte:

  1. Erreka eta ibai bazterretan ez utzi ibilgailurik. Gerta liteke urak gainezka egitea.
  2. Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  3. Arreta berezia Madalena, Enparan eta Jose Artetxeko garajeetan. Baita Loiolako etorbidean ere.
  4. Ahal izanez gero, ez hartu autoa. Bidaiatu behar izanez gero, ibili errepide nagusi eta autobideetatik.
  5. Erretiratu urak eramateko moduko gauzak, batez ere kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  6. Begiratu inguruko estolderia ondo dagoen eta bestela abixatu Udaltzaingora (943151313) edo 112ra

Hauek dira orain arte egon diren kalteak, Udalaren arabera:

-Madalenan momentu baten ibaiak gainezka egin du.

-Iturri soziedadean ura sartu da.

-Gazte baserri ondoan zuhaitza erori da.

-Loiolan 25 garajetan ura sartu da.

-Azkar konpondu den arren, Loiolako inazio iribidean ur putzua sortu da Ikasberriko biribilgunearen ostean

Konponketa lanak martxan

Udalak jakinarazi duenez, euriteen ondorioz sortu diren arazoei "konponbidea emateko lanean" ari dira dagoeneko. Bestalde, jakinarazi du, irakurle batek Uztarriara bidali duen kexaren harira, Udalak dagoeneko pasatu diola bidegorrietako arazoen inguruko abisua Foru Aldundiari.