Xaputarrak A taldeak garaipenarekin ekin dio igoera faseari

Uztarria.eus 2016ko mar. 9a, 17:53

1 eta 3koa lortu zuten Gros H taldearen kontrako neurketan, Donostian. Zapatuan, berriz, etxean jokatuko dute bigarren jardunaldia, lidertzan den Gros I-ren kontra.

Gipuzkoako xake ligaren hirugarren mailako igoera faseko lehen jardunaldia jokatu zen joan den asteburuan, eta azpeitiarrentzat ona izan da hasiera. Xaputarrak A-k Donostian jokatu zuen lehen jardunaldi hori eta emaitza bikainarekin itzuli ziren etxera, Gros H taldea 1 eta 3 menpean hartuta. Alberto Urkiak eta Eneko Alberdik beren partidak irabazi zituzten; eta Patxi Isasmendik eta Aitor Elustondok, berriz, berdindu.

Lehen jardunaldia osatuta, igoera fasearen sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da Azpeitiko taldea, 7 punturekin. Gros I taldea da liderra, 8 punturekin. Eta talde horixe izango dute aurkari Xaputarrak A-ko kideek datorren jardunaldian. Zapatuan, etxean hartuko dituzte Grosekoak azpeitiarrek. Zapatuan izango dute hitzordua Sindikatu Zaharrean, 16:00etan.