Imanol Eliasi gutuna

Ixiar Oiarzabal, Imanol Eliasen alarguna 2016ko mar. 9a, 13:25
Kaixo, Imanol: \ \ Nire idatzi honen bitartez omenalditxo bat eskaini nahi dizut, horrenbeste urtetan zoriontsu izan ginelako eta egin ninduzulako. Ohorea izan da zure emaztea izatea. Mila esker, Imanol, izan zinen bezalakoa izan zinelako eta zarelako. \ \ Zu joan eta hurrengo egunean, zuk horrenbeste urte eman dituzun gela honetan sartzea gogorra izan zen. Min ematen zidan, amorrua, zertarako horrenbeste lan! Dena leihotik botako nuen! Nahigabea, bakardadea, isiltasuna... Galdera asko eta erantzunik ez. Baina une batean argitasun pixka bat bidali zenidan: ez dira alferrik lan hauek. Zuk esan ohi zenuen: "Idatzia idatzita gelditzen da, eta egunen batean norbaitek eskuetan hartzen badu lan hauetakoren bat, \'gizon hau nor ote zen?\' galdetuko dio bere buruari". Horrek lasaitu ninduen zertxobait. \ \ Erretzailea zinen, dakizun bezala, eta horrenbeste urtetako usaina sartuta zegoen liburu eta paper guztietan, eta hiru edo lau astean, nahiz eta atea itxita egon, azpiko zirrikitutik usaina etortzen zen, eta bertan zeundela pentsatzen nuen. Baina hori ere joan zen. Gero, ez usainik, ez paper zaratarik... Ezer ere ez. Isiltasuna berriro. Galdera bat: zergatik? Eta erantzunik ez. \ \ Azpeitia maite zenuen. Azkoitian lanean ari zinela Kutxak deitu zizun, Antxieta Etxea, berrikuntzak egin ondoren, abian jartzeko. Gerora, Donostiara lanera joateko eskaintza ere egin zizuten, baina zuk behin eta berriro ezetza eman zenien. Eta zure gain utzi zuten Antxieta Etxeak herriari bere zerbitzua ematearen ardura. Zenbat eratako lanak eskaini zenizkion herriari! Orduan ez zegoen orain dagoen bezalako aukerarik herri honetan. Zenbat eratako erakusketak, musikaldiak, hitzaldiak, zine emanaldiak, mendizaleen ekitaldiak (esate baterako, IƱurrategi anaiak makina bat aldiz izan ziren hemen). Lan horietako bat izan zen karnabaletako lehiaketa antolatzea 25 urtez, \'Juan de Antxieta\' izena zeraman orduan lehiaketak. Orain, nire zorionerako, Azpeitiko Argazki Elkarteak zure izena jarri dio lehiaketa horri. Nik bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet lehiaketa polit horri zure izena jarri izanagatik. Mila esker, eta jarraitu aurrera! \ \ Azkenean iritsi zen eguna. Zuk urteetan amets bat zela pentsatzen zenuena, egia bihurtu zen. Zuk bazenekien egun hori iritsiko zela. Artxiboa astindu, horrenbeste urtetan lotan zeuden istorio zaharrak esnatu, bizia eman, eta herriari eskaintzekoa. Eta hori egin zenuen. Zure nahia bete zenuen. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalari, Eneko Etxeberria alkate jauna buru dela, zinegotzi guztiei eta Kultur Mahaiari, egin dizkizuten omenaldi eta aipamen guztiengatik. Eta, nola ez, bihotz-bihotzez eskerrak Azpeitiko Argazki Elkarteari ere, esa bezala karnabaletako lehiaketa garrantzitsu horri zure izena jarri diotelako. \ \ Agur, Imanol. Muxu handi bat, eta gero arte.