Basazabal eraberritzeko 300.000 euro jaso ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko mar. 9a, 12:05
Basozabal jauregia (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udala "jauregiaren erabilera berria zehazteko proiektua" egiten ari da, eta turismoari lotutako ekintzetara bideratzea aztertzen ari dela jakinarazi du.

Azpeitiko Udalak 300.000 euro jaso ditu Basazabal jauregia berritu eta erabilera berria emateko. Diru-laguntza Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol departamenduak eman du. Udalak adierazi duenez "laguntzaren baldintzak kontuan izanda, Basazabal 2017. urtearen bukaerarako berrituta eta abian izango da".

Agustin Lizarralde zinegotziak azaldu duenez, "pauso garrantzitsua da jauregia eraberritu eta erabilera bat ematea. Urteetan itxita dagoen jauregia da. Ondare historiko handia du, baina herritarrentzat irekitzen bada balio handiagoa izango du". Azpeitiko Udala "jauregiaren erabilera berria zehazteko proiektua" egiten ari da, eta turismoari lotutako ekintzetara bideratzea aztertzen ari dela jakinarazi du. "Ideia eta ondorioak, dagokion batzordeetan azalduko dira", azaldu du Lizarraldek. Bestalde, eraberritzearekin lortu nahi dena "eraikin horri bizia emanez Alde Zaharra indartzea eta motor sozioekonomiko bilakatzeko beste eragile bat izatea" dela azaldu du zinegotziak.

1990. urtean erosi zuen Azpetiko Udalak Basazabal jauregia, eta Lizarralderen hitzetan, "eraikin baliotsua" da. Behin eraberritutakoan "balioan jarri nahi" dute. Udalak erosi zuenerako momunentu historiko gisa bazituen errekonozimendu batzuk. 1964. urtean, Espainiako Gobernuak Probintzian Historia eta Arte intereseko monumentu aldarrikatu zuen. Ondoren, 1984an, nazio mailako monumentu izendatu zuten.

Diru-laguntzak Madalenarako ere

Basozabal jauregia eraberritzeko diru-laguntzaz gain, Madalena auzoko baseliza berritzeko eta ermita ingurua txukuntzeko 24.736 euroko laguntza ere jaso du Udalak, eta adierazi du "laguntza hori ingurua urbanizatu eta errekuperatzeko" bideratuko dela.