Urtarrilean 2015aren bukaeran baino langabetu gehiago zenbatu zituzten Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko mar. 8a, 18:43

Iazko urte amaieran 859 lagun zeuden herrian Lanbiden izena emanda, eta 2016ko lehen hilabetearen bukaeran 15 gehiago, 874. 2015eko urtarriletik 2016kora, ordea, %17,5 jaitsi da langabezia Azpeitian, Urola Erdiko eta Gipuzkoako batez bestekoak hobetuz.

2015a bukatu baino langabetu gehiagorekin hasi zen 2016a Azpeitian. Urritik abendura beherako joerari eutsi ondoren, abendutik urtarrilera Lanbiden izena emandakoen kopuruak gora egin zuen: 874 langabetu zeuden herrian urtarrilean, abenduan baino 15 gehiago.

2015eko urtarriletik 2016kora bitarteko datuak, ordea, baikorragoak dira. Urtebetean %17,5 jaitsi da langabezia Azpeitian, Urola Erdiko (%13,7) eta Gipuzkoako (%10,4) batez bestekoak hobetuz. 2016ko lehen hilabetean, Azpeitiko langabezia indizea %11,9 da. Emakume gehiago dira lanik gabe daudenak, gizonak baino.

Datu horiek, eta beste hainbat, Iraurgi Berritzenek eman ditu sareratu berri duen 2016ko urtarrileko sozioekonomiako buletinean.