Mikel Aiestaran saritu du Huescako Kazetaritza Digitalaren Biltzarrak

Uztarria.eus 2016ko mar. 8a, 17:33
Mikel Aiestaran.

Porquet Saria eman diote, egiten dituen multimedia kroniken errekonozimendu gisara. Joan den azaroan 2015eko Euskal Kazetariak saria jaso zuen Aiestaranek.

Mikel Aiestaran (Beasain, 1975) kazetaria sariak pilatzen ari da azkenaldian. Joan den azaroan Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak emandako 2015eko Euskal Kazetariak saria jaso ondoren, gaur bertan Espainian egin dioten beste aitortza baten berri eman dute. Porquet Saria Aiestarani emango diotela jakinarazi du Huescako Kazetaritza Digitalaren Biltzarrak; aste honetan, martxoaren 10ean eta 11n, egingo dute biltzarraren XVII. edizioa.

Jose Manuel Porquet aragoiar kazetari zenaren izena daraman saria Ekialde Hurbileko gatazken gainean egiten dituen multimedia kronikengatik eman diote Mikel Aiestarani. Ignacio Escolar, Ramon J. Campo, Gustavo Sierra, Arsenio Escolar, Eduardo Punset, Gumersindo Lafuente, David Beriain, Ramon Lobo, Monica G. Prieto, Jordi Perez Colome, Manuel Jabois, Lab RTVE.es eta Maldita Hemeroteca dira aurreko edizioetan Porquet Saria jaso dutenak.

Iaz joan zen Aiestaran Azpeititik Jerusalemera bizitzera, familiarekin. Uztarriak 2014ko urriko aldizkarian elkarrizketa luzea egin zion.