Abian da berriro Iraurgi Berritzenen Enplegu Zentroa

Uztarria.eus 2016ko mar. 7a, 12:56

Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan egongo da bulegoa. Bertara joaten diren herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruan informazioa eskaintzea eta bilaketa aktiboan laguntzea da zentroaren helburua. 

Enplegu Zentroa martxan jarri du berriro Iraurgi Berritzen garapen agentziak Lanbiderekin elkarlanean. Enplegu Zentroaren helburu nagusia bertara joaten diren herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruan informazioa eskaini eta bilaketa aktiboan laguntzea da. Bestalde, Iraurgi Berritzeneko ordezkariek azaldu dutenez, "lan eskaintza horietan izena ematen laguntzeaz gain, Curriculuma eta aurkezpen gutuna prestatzen ere laguntzen da bertan".

Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan egongo da gaurtik aurrera Enplegu Zentroa Azpeitian eta hainbat zerbitzu eskainiko dituzte bertan. Esaterako, lan eskaintzak aurkitzeko ordenagailuak egongo dira eta Lanbideko enplegu eskaintzetarako sarreren eta inguruan dauden prestakuntza zerbitzuen eta eskualdeko lan eskaintzen berri emango dute. 

Astelehen, asteazken eta ostiraletan Azpeitian eskainiko du zerbitzua Iraurgi Berritzenek, 9:00etatik 13:30era eta 15:30tatik 18:00etara. Astearte eta ostegunetan, aldiz, Azkoitian eskainiko dute zerbitzua, ordutegi berean.