Aste Santuko oporraldirako ekintza bereziak antolatu ditu Gazteria Sailak

Uztarria.eus 2016ko mar. 7a, 11:34

Kirola, kultura, ingurumena eta abentura uztartuko dituzten jarduerak antolatu dituzte. Hiru eguneko programa izango da, 5 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Ostegunean, martxoak 11, amaituko da izen-emate epea.

Ekintza bereziak antolatu ditu Udaleko Gazteria Sailak Aste Santuko oporraldirako, 5 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Martxoaren 21, 22 eta 23an egingo dituzte ekintzak eta horretarako kirola, kultura, ingurumena eta abentura uztartzen dituzten jarduerak antolatu dituzte. Irteera ezberdinak egingo dituzte, eskiatzera edo Ekogunera esaterako. Horretaz gain, zirku tailerra egingo dute eta musikari lotutako hainbat jarduera ere egingo dituzte, besteak beste.

Ekintzetan parte hartzeko izena emateko azken eguna osteguna, martxoak 11, da. Hamabi urtetik gorako gazteek Gaztelekuan eman behar dute izena. Urrestillako gazteek, nahi izanez gero, auzoko Estanko Txikian eman dezakete izena. Astelehenean eta asteazkenean goizez 10:00tik 13:00etara bitartean eman daiteke izena. Arratsaldetan, aldiz, astelehenean, asteartean eta ostegunean, 17:00tatik 20:00tara. 

Egitasmoaren helburua "herriko haur eta gazteek beraien aisialdia modu aberasgarri eta dibertigarrian igarotzen laguntzea da" Gazteria Saileko ordezkarien hitzetan. Horrez gain, jarduera horien bitartez "balio ezberdinak landuko" direla azaldu dute, "aberastasun pertsonala lantzeko asmoarekin".