Greba mugagabean daude Gipuzkoako errepideen mantentze lanetako langileak

Uztarria.eus 2016ko mar. 2a, 14:58

Lurraldeko errepide gehienei (%80ari) eragingo die grebak. Ondorioz, errepideetan izaten diren luiziak edo erortzen diren zuhaitzak errepide ertzetan utziko dituzte, besteak beste. Hala ere, gidariei "ahalik eta eragozpen apalenak" sortzea nahi dute.

Atzotik, martxoak 1, daude greba mugagabean errepideen mantentze lanetako langileak. UTE Miramon 2014, UTE Goierrialdea eta UTE Urola-Deba enpresetako langileak dira, hain zuzen, lanuzteetara batu direnak. 

Angel Subinas azpeitiarra da greban dagoen langileetako bat. Hark azaldu duenez, "lan baldintzak hobetzea eskatzen dugu, soldatak izoztuta ditugu azken urteetan. Lanean izan ditzakegun arriskuak ez daude gure esku, eta enpresan bertan istripu larri asko egon dira eta arduradunek bizkarra eman digute". 

Autobideei izan ezik, lurraldeko errepide gehienei (%80ari) eragingo die grebak. Angel Subinasek azaldu duenez, "grebaren ondorio nabarmenenak errepideen erabiltzaileek nabarituko dituzte". Hala ere, gidariei "ahalik eta eragozpen apalenak sortzea" nahi dute. Subinasek esan du nahiz eta gutxieneko zebitzuak hitzartu dituzten "gutxieneko zerbitzuek ezin dute zenbait lan aurrera atera, ez behintzat ohiko egoeran egiten den denbora berdinean". Subinasek azaldu du errepideetako kalteak ez direla konponduko, luiziak edo zuhaitzak errepide bazterrean utziko direla. "Sentitzen dugu herritarrei eragingo dizkiegun kalteak, barkamena eskatu nahi diegu denei. Baina soluzioa Gipuzkoako Diputazioak eta enpresek dute, gu lanerako gogoarekin gaude. Ez edozein baldintzetan, ordea", azpimarratu du.  

Greba mugagabean daude eta ez dakite "noiz amaituko den hau". Momentuz, kontzentrazioak egiten ari direla azaldu du azpeitiarrak eta aurrera begira "protestan jarraitzea" dela euren asmoa, "erantzunak jaso eta egoera honi irtenbide bat aurkitzeko".