Inaziotar Bideko udalerrien arteko lehen topaketa izango da ostegunean Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko mar. 1a, 18:42

Azpeitiko Udalaren arabera, osteguneko bileraren helburua "udalerrien arteko lan espazioa edo gunea sortzea da, sinergiak bilatuz, bakoitzak dituen arazo, aukera eta erronkak partekatzeko".

Inaziotar Bideak zeharkatzen dituen Gipuzkoa eta Arabako herrietako alkateak, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundietako ordezkariak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako ordezkariak lehen aldiz bilduko dira datorren ostegunean, martxoaren 3an, Azpeitian.

Inaziotar Bidea "turismo kulturalean eta erromesaldien artean nazioarteko erreferentzia bihurtzeko" sortu zela ekarri du gogora Azpeitiko Udalak, eta zeharkatzen dituen udalerri eta eskualdeen "garapen ekonomiko eta sozialean eragin zuzena izateko potentziala duela" azpimarratu du, "bisitarien joan-etorriak eragiten duen jarduera turistikoari esker". Osteguneko bilerari dagokionez, helburua "udalerrien arteko lan espazioa edo gunea sortzea da, sinergiak bilatuz, bakoitzak dituen arazo, aukera eta erronkak partekatzeko", Udalaren arabera. "Bidearen sustapenerako eta dinamizaziorako ekintzak adostu eta abian jartzea" ere lortu nahi dutela gaineratu dute.

Herrialde Katalanetan sortu dute dagoeneko Kataluniako Inaziotar Bideko Udalerrien Sarea eta hori "erreferentzia moduan interesgarria" izan daitekeela uste dute Azpeitiko Udaleko arduradunek. Horregatik, Manresako alkateak, Valenti Junyentek, parte hartuko du osteguneko bileran, sare katalanaren kasuistika eta lan egiteko era azaltzeko.

Manresako alkateaz gain, honako udalerrietako ordezkariek hartuko dute parte Azpeitiko topaketan: Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Oñati, Zalduondo, Asparrena, Donemiliaga, Harana, Kanpezu, Kripan, Bilar, Guardia eta Lapuebla de Labarca.