Perez Arregi plazako konponketa lanak bukatzear

Uztarria.eus 2016ko mar. 1a, 13:45

Duela hilabete inguru ekin zioten Perez Arregi plazako konponketa lanei. Egunotan azken ukituak ematen ari direla esan du Udalak eta joan den ostiralean, otsailak 26, egindako konponketak ikusten izan ziren udal ordezkariak. Udalak adierazi duenez "inguruko bizilagunekin egindako bileran adostu bezala", zuhaitz guztiak mantendu dituzte baina zuhaitzen oinarrietan orain arte zeuden burdinak kendu dituzte, eta horien ordez beste era bateko babesak jarriko dituzte. Horretaz gain, orain artean zeuden bankuak ere lekuz mugitu dituzte, "autoak zuhaitz artean aparkatzea sahiesteko". Modu horretan, Udalak esan duenez "autoak Perez Arregin aparkatzeko ohiturarekin bukatu nahi izan da".

Bestalde, plazarako sartu-irtena bideratzeko piboteak ere berritu dituzte. Etxe-Zuri tabernaren ondoan dauden pibote horiek ondoratzen ari zirela jakinarazi zuen Udalak, eta horregatik konponketa. Plazako obrek, guztira, 20.000 euro inguruko aurrekontua izan dute.

Orain Alde Zaharreko galtzada

Perez Arregi plazako obrak bukatuta, Alde Zaharrean solte dauden galtzada-harriak konpontzeari ekingo diotela aurreratu du Udalak. Datozen egunetan hasiko dira lanekin eta Done Jakue kalean, Enparan kalean eta Elizkalean egingo dituzte konponketak. Lan horien aurrekontua, 10.000 eurokoa da.