Asteburuko euriteek eragindako kalteak konpontzen ari da Udala

Uztarria.eus 2016ko ots. 29a, 13:37
Urola ibaiak gainezka egin zuen zapatuan, Madalenako ospitalearen aurrean.

Udalak uholdeen aurkako protokoloa indarrean jarri behar izan zuen zapatuan. Behin asteburuko euriteak pasata, eragin dituzten kalteak aztertu ditu Udalak eta konponketa lanak martxan daudela jakinarazi du. 

Asteburu osoan zehar ia etengabe eta mardul egin du euria, eta Azpeitiko Udalak uholdeen aurkako protokoloa indarrean jarri behar izan zuen zapatuan, "herritarren segurtasuna bermatu eta urak ahalik eta kalte gutxiena" eragiteko. 

Josu Labaka zinegotziaren hitzetan "protokoloak ongi funtzionatu du eta ez da ezer larririk gertatu". Zapatuan, "egoera kontrolpean gelditu bitartean", Udaltzaingoen zerbitzua indartu zuen Udalak.

Behin asteburuan izandako kalteak aztertuta, gelditzen diren konpontze eta txukuntze lanak martxan daudela adierazi du Udala. "Hala ere, ahal izan dugun guztiari asteburuan bertan eman diogu irtenbidea", azaldu du Josu Labakak.

Honakoak izan dira Udalaren arabera asteburuan izandako kalte nagusiak:

  • Azpeitia eta Azkoitia arteko GI-631 errepidean, Ikasberriko biribilgunetik Loiolarantz ur potzu haundi bat sortu zen, zapatu arratsaldean. Ur putzua handia zen eta trafikoa moztu eta arazoa konpondu bitartean Loiolako bide zaharretik bideratu zen, 18:15etik 21:15ak aldera arte.
  • Madalenako ospitalaren aurrean, Urola ibaiak gainezka egin zuen eta ingurua urez bete zen. Hori ikusita, Madalena auzoa gurutzatzen duen GI-631 errepidea itxi zen, eta bertan zeuden ibilgailuak kentzeko eskatu zitzaien jabeei. Errepidea itxita izan zen igande goizera arte.
  • Enparan kaleko torreen azpiko garageetan ura sartzen hasi zen. Udaltzaingoak garajeetako jabeei abixua pasatu zien ibilgailuak bertatik ateratzeko. Ur asko sartu zenez, suhiltzaileei ere deitu zitzaien ura ateratzeko.
  • Munategin luizia izan zen eta baserrietarako sarbidea moztuta gelditu zen. Zapatuan bertan Jabier Maiz zerbitzu orokorretako burua joan zen ingurua aztertzera. Momentuan ezin izan zer garbitu, baina igande goizean joan ziren beharginak ingurua garbitzera.
  • Garmendi auzoko etxe atari baten aurrean, putzu handia sortu zen eta etxe ataritik ezin irtenda gelditu ziren bizilagunak. Abisua jaso bezain pronto zerbitzu orokorretako burua bertara joan zen eta arazoa konpondu zuen.
  • Hilerritik Abitain baserrirako errepidea urez bete zen zapatu arratsaldean, errekak gainezka egin zuelako. Ez da lehen aldia hori gertatzen dela, eta inguruko bizilagunek eskatu bezala, Azpeitiko Udalak konponbidea emateko azterketa egingo du.
  • Igandean, Aratzerrekan, Atxumarriaga baserrira bidean eta Olarue eta Arlizeta bidean luiziak izan zirela jakinarazi zuten. Bi langile joan ziren ingurua garbitzera.