'Zer gertatzen ari da Saharan?' hitzaldia izango da bihar Sanagustinen

Uztarria.eus 2016ko ots. 29a, 12:19

Hassanna Aalia eta Embarca Belkher ekintzaile sahararrak eta Juan Karlos Izagirre, Saharan mediku lanetan izandakoa, arituko dira solasean, 19:00etan hasita. 

Bihar, asteartea, Zer gertatzen ari da Saharan? hitzaldia izango da Sanagustin kulturgunean. Kharmar Saharar herriaren aldeko elkarteak eta Elkar-ekinek elkarlanean antolatu dute hitzaldia, otsailaren 27a hizpide. Izan ere, antolatzaileen esanetan "otsailaren 27a egun handia da sahararrentzat. 1976. urtean Frente Polisarioak, Errepublika Arabiar Demokratiko Saharauia aldarrikatu zuen, gaur egunera arte diharduen borroka bati hasiera emanez".

Saharar herriari buruzko hiru begirada eskainiko dituzte biharko solasaldian. Hassanna Aalia, Espainiako gobernuak ezarritako kanporatze agindua duen ekintzaile sahararra, Juan Karlos Izagirre, Saharan mediku lanetan izandakoa eta Embarca Belkher, Azkoitian bizi den ekintzaile sahararrak euren bizipenak azalduko dituzte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "Hassannak lurralde okupatuetako errealitatea kontatuko digu, Juan Karlos Izagirrek herrien arteko kooperazioari buruzko hausnarketa konpartituko du eta Embarcak, saharar gizartean emakumeak duen garrantzia azalduko digu". Mahai ingurua, Irati Labakak gidatuko du. Joan den urteko udan Askapenarekin lurralde okupatuetara joateko aukera izan zuen Labakak.